• 24
    AZA

    Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskararen legeak 30 urte bete dituen honetan ehun lagun bildu dira Gasteizen euskara normalizatuko duen lege berri bat eskatzeko. Goizean ehunka euskaltzale bildu dira Orereta, Beasain, Ordizia, Donostia, Portugalete, Arrasate, Gernika, Durango eta Zornotzako elkarretaratzeetan. Zarautzen atzo bildu ziren euskaltzaleak.

    Ehunka euskaltzalek salatu dute Euskararen Legeak ez dituela bere helburuak bete
    Ehun euskaltzale bildu dira Gasteizen.

    EHEren oharra:

    Euskararen Legea bezala ezaguna den Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak 30 urte bete ditu gaurko egunean. EHEtik hainbat mobilizazio deitu ditugu gaurko, eta hainbat elkarretaratze burutu ditugu goizean zehar, herri ezberdinetan. Ehunka lagun batu ditugu Arrasaten, Oreretan, Ordizian, Beasainen, Gernikan, Durangon, Zarautzen, Zornotzan, Donostian eta Portugaleten. Arratsaldean, aldiz, giza-kate jendetsua egin dugu Gasteizen.

    Izan ere, hiru hamarkada, mende herena iragan da kasik euskararen herrian bertako hizkuntza normalizatzea helburu ei zuen legea onartu zenetik. Urteotan, egin beharreko bidearen zati bat egin denik ezin ukatu daitekeen arren, ezin da ukatu ere sumisioan oinarritutako 30 urte, arrotzek inposatutako mugak nekez urratu ditugun 30 urte, ipar egokirik gabeko 30 urte izan direla, finean, herrialdeotako Euskararen Legearen gerizan igarotakoak.

    Hizkuntza normalizatzea helburu ei duen legea izan arren, 30 urteren ostean, aurrez erdarek inposatutako mugak ez dira gainditu; aipatu legea inguratzen diren kateak ez dira, ez ditugu hautsi. Euskararen estatus juridikoari dagokionez, berdin jarraitzen dugu. Euskara ezagutzeko eskubidea izan badugu, hori ere bermatze ez den arren, baina gaztelera ezagutzea, aldiz, behar eta obligazio da euskaldunontzat. Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko administrazioetatik hartu behar diren neurriak ez dira hartzen, salbuespenak salbuespen. Administrazioan euskara erabiltzeko eskubidea teorikoki behintzat badugun arren, 30 urteren buruan bistan da administrazioa bera ez dela euskaldundu, funtzio publikoaren hizkuntza nagusia gaztelera dela, eta euskaldunok ezin dugula administrazioarekin euskara hutsezko harremanik izan; administrazioari ez zaizkiola zentzu horretan ezarri behar diren betebeharrak ezartzen.

    Zer esanik ez irakaskuntzaren alorrean. Legeak dioena ez da betetzen. Eskolak oraindik orain ez du euskalduntzen, eta hori gutxi balitz, nahita ere ezin dugu euskaraz ikasi. Lanbide heziketan dugu adibide paregabea, besteren artean. Euskarazko hedabideak ere ez dira behar bezala sustatzen eta bultzatzen; euskarazko hedabideen errealitatea ez da batere xamurra. EiTBren kasuan ere, ez dira berau sortu zeneko eta legeak jasotzen dituen helburuak betetzen. Gaztelerazko kateak dira nagusi.

    Osakidetzan, justizian, Ertzaintzan, funtzio publikoan eta beste eremuetan abiatu diren normalizazio planek porrot egin dute; areago, bertan behera ere geratu dira. Lan mundua euskalduntzetik urruti gaude. Herri euskaldunak eta euskararentzako arnasguneak babesteko neurririk ez da hartzen administraziotik; ez da hauen babeserako legerik planteatzen.

    Dena dago euskal hiztunok osatzen dugun komunitatearen borondatearen esku, administrazioek behin eta berriz erakutsi dutelako euren borondate politikoaren faltagatik ez direna hartu behar bezalako neurriak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrean gehiengo abertzalea ei dago berriro. Bada, igarri dadila. Erabaki eta neurri sendo eta ausartak hartzeko garaia da.

    Kontseiluak berak esan du urrats sendoak emateko garaia dela, eta badauka horretarako proposamena, esan du non jarri behar diren marra gorriak: lehentasunezkoa, berezkoa eta beharrezkoa dira ofizialtasunak jaso behar dituen elementu nagusiak. Eta epeak jarri behar dira urratsak emateko, helburu argiekin: Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea.

    Instituzioetako jardunean zein gatazka gainditzeko eztabaidetan lehen lerroan egon behar duten gutxienekoak dira ezagutzaren unibertsalizazioa eta espazioen euskalduntzea. Oinarrizko bi ideia horietatik abiatuta eraiki behar dira adostasunak, gainontzean geure burua heriotzara kondenatzen baino ez gara arituko.

    V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzen ondorio nagusia garbia da: egungo baldintza soziolinguistikoekin erabilerak goia jo du. Euskal hiztunen kopuruak nabarmen gora egin behar du oraindik normalizazioan urrats sendoak emateko. Zentzu horretan euskararen erabilerarako esparruak sortu eta indartzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

    Euskaraz bizi nahi izatea inposaketa bihurtu daitekeela sinetsarazi digute. Horixe da minorizazio prozesuaren ondorio latza. Eguneroko bizimoduaren distortsio neurrigabea, borreroa biktima eta aldi berean biktima borrero bihurtzerainokoa. Eta honek baditu erantzule zuzenak. Minorizazioaren ondorioz gure herri nortasunaren enborra den euskarari adar izaera ere eman diogu. Euskara ez da erdigunea, euskara beste gai bat gehiago da gehienez ere. Eta honek ere baditu bere erantzuleak.

    Berriki esan dugu: espabilatu behar dugu etxean, lanean, jolasean, tristuran eta pozean. Harrotasunez euskaraz bizi nahi dugula erakutsiko dugu han eta hemen. “Eta ezetz! Ez garela espaloitik jaitsiko” esan, edota ikustaraziko diogu hala eskatzen, iradokitzen edota inposatzen digunari. Eta hori guri dagokigu, gure esku dagoela ulertu eta sinetsi behar dugu. Aukera pertsonalak sortzea eta elkarrekin agerian uztea lortu behar dugu. Abenduaren 1ean Kontseilutik egin dugun deialdia aukera paregabea dugu indarrez gure bizi nahi hori erakusteko.

    Finean, asmo on eta hitz ponposoen atzean 30 urteren buruan zerbitzu oinarrizkoenak ere norbere hizkuntzan jasotzeko ezintasuna, euskaraz bizitzeko debekua bizi dugu euskaldunok. Honen aurrean, berriz ere, bertatik bertara eta kanpo esku hartzerik gabe erabakitako hizkuntza politika burujabea aldarrikatzea dagokigu Euskal Herri osorako.

    Euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak!


    Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
    Gasteizen, 2012ko azaroaren 24an

      • Elkarretaratzea_Gernika
      • Elkarretaratzea_Beasain
      • Elkarretaratzea_Orereta
      • Elkarretaratzea_Arrasate
      • Elkarretaratzea_Zarautz
      • Elkarretaratzea_Durango
      • Gizakatea_05
      • Gizakatea_07
      • Gizakatea_08
      • Gizakatea_12
      • DSC_0246Gizakatea_13
      • Gizakatea_15
      • Gizakatea_17
      • Gizakatea_18
      • Gizakatea_06
      • Gizakatea_09
      • Gizakatea_10
      • Gizakatea_11
      • Gizakatea_14
      • Gizakatea_16

      Iruzkinak

      Egin zure iruzkina

      • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
        Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.