• 19
    AZA
    Gipuzkoako Aldundiak hartutako neurriak txalotu ditu Oarsoaldeko euskalgintzak
    Oarsoaldeko euskalgintzaren agerraldia.

    Oarsoaldeko euskalgintza batu egin da Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizazioan eman dituen "ezinbesteko pausuak" eskertzeko. Prentsa aurreko agerraldietan euskara erabiltzea edota lanen esleipenetan gutxienez bi teknikarik euskara maila egiaztatu behar izatea dira urrats horiek. Gainontzeko administrazioei bide bera jorratzeko eskatu diete.

    Euskalgintzaren oharra:

    Azken urteetan euskararen egoerak hobera egin duen arren, jakina da gure hizkuntza zanpatua eta erasotua izan dela. Espainiak eta Frantziak maisutasun handiz inposatu dituzte euren hizkuntzak munduan zehar, baita gurean ere. Baina ez da iraganeko kontua. Oraindik orain, politikariek euskararen kontrako neurriak hartzen dituzte. Adibiderik argienak ditugu batetik Ipar Euskal Herrian euskara ofizialtasunik gabeko hizkuntza dela eta ondorioz baliorik gabeko hizkuntza bihurtu nahi dutela. Bestetik Nafarroan etengabe erasotua dela euskaraz bizitzeko nahia eta EAEn ere egunerokoan hizkuntz eskubideak urratzen zaizkigula alor desberdinetan. Zapalkuntza horiek sinetsita, euskaldunok askotan onartu egin izan ditugu eta hizkuntz eraso horiei aurre egiteko konplexua izan dugu. Urtetan eskatu dira Euskal Herrian hizkuntza politika aurrerakoiak, ausartak eta eraginkorrak. Euskalduntze prozesuan eredu izango diren erakundeak behar ditugu, prozesu hori bultzatu eta akuilu lana egingo duten erakundeak.

    Argi izpia, haize freskoa, arnasaldia ekarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakiak. Euskarari lehentasuna emango dio hemendik aurrera. Prentsa agerraldietan euskara izango da lehenetsiko duen hizkuntza. Foru Aldundiari dagozkion lanen esleipenetan gutxienez bi teknikarik EGA edo titulazio baliokideko euskara maila egiaztatu beharko dute enpresek. Foru Aldundiaren barne mailan euskara izango da lan egiteko hizkuntza...

    Euskara biziberritzeko, merezi eta behar duen tokia hartzeko ezinbesteko pausuak dira. Izan ere, edozein hizkuntzalarik azpimarratzen duen bezala, hizkuntza orok, nagusi edota lehentasunezkoa izango den lurraldea behar du. Hau da, euskara garatuko bada, esparru desberdinetan euskaraz bizitzeko hautua ezinbestekoa da.

    Euskal Herrian, beharrik eza izan da etsairik okerrena. Euskararik ez zekienak ez du ikasteko beharrik sentitu. Eta beharrik ez duenak ez du ahaleginik egiten. Horren ondorio garbia da elkar ulertzeko erdara nahikoa izan daitekeela eta euskaraz ez dakien horrek, jakin beharrik ez duela.

    Euskaldunok, euskaraz bizitzeko beharra dugu. Euskaraz bizi nahi dugu. Administraziora zein erakundeetara jotzen dugun aldiro euskaraz kasu egitea nahi dugu. Asmo hauek gauzatzeko erabaki politiko estrategikoak behar ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duena adibide hartuz. Behar horiek asetzeko tresnetako bat jarri du abian. Eta honek izan behar du Euskal Herri euskalduna eraikitzeko lehen harri koxkorra.

    Harri koxkorrez eraikitako herriak oinarri sendoa behar du. Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri duena  da oinarrietako bat, euskaraz bizi nahi dugunok zoriondu eta eskertzen duguna. Bide horretan jarraitzeko eskatzen diogu Oarsoaldeko euskalgintzatik Gipuzkoako Foru Aldundiari eta dei berezia egiten diegu eskualdeko gainontzeko erakundeei hizkuntz politika ausartak har ditzaten. Harriz harri, herriz herri, Euskal Herri euskalduna eraikiz.


    OARSOALDEKO EUSKALGINTZA
    Oarso Bidasoko Hitza, Lezoko Oroitzene AEK euskaltegia, Pasaiako Txirrita AEK euskaltegia , Oreretako EHE, Oreretako AEK euskaltegia, Oreretako Lau Haizetara, Oreretako Gazte Asanbladaren euskara lantaldea, Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea, Oiartzun Irratia, Oiartzungo EHE, Euskeran Itotiyak, Oiartzungo AEK euskaltegia 

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.