• 31
    URR
    Euskaraz bizitzeko nahia kaleratu nahi du Kontseiluak abenduaren 1ean
    Manifestazioaren aurkezpena, atzo, Miramar jauregian. ARGIA

    Hizkuntza komunitatea osatu eta indartzeko herritar guziek euskara ezagutu behar dutela aldarrikatuko du Kontseiluak abenduaren 1ean Donostian. Urratsak emateko "une aproposa" dela iritzita deitu du manifestazioa. EHEk ere bat egin du deialdiarekin.

    "Euskaraz bizi nahi dut" lemapean manifestazioa eginen du Kontseiluak Donostian abenduaren 1ean. Euskaldunen komunitatea indartzeko zita izanen da, eta administrazioei urrats sendoak emateko eskakizuna plazaratzeko aukera. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak esan duenez "une aproposa" da urrats horiek emateko. Hizkuntza komunitatea osatu eta indartzeko, herritar guztiek euskara ezagutzea ezinbestekoa dela gaineratu du. Euskara ezagutzeko eskubidea egikarituko litzateke horrela: "ez da justua inori ukatzea".

    EHEk bat egin du deialdiarekin, Kontseiluko hainbat bazkiderekin batera (AEK, Ikastolak, Berria, Topagunea, EIZIE, Elkar, Bertsozale elkartea...).  Orotara 60 lagun inguruk eman diote atxikimendua, tartean, idazleak, kazetariak, elkarteak, ikastetxeak... Manifestazioa 17:00etan hasiko da Anoeta estadioan.

     

    Manifestua:

    Euskaraz bizi nahi dut, duzu, dugu; horixe delako nire hizkuntza. Natural sentitzen dudana, natural egiten dudana eta egiten nauena. Euskalduna naiz eta hala izan nahi dut gero ere. Ez da ordea, osoki nire, zure, gure esku dagoen zerbait.
    Hizkuntza zerbaitetarako bada, harremanetarako, komunikatzeko da. Pertsona desberdinen urteetako harremanak egituratzeko eta batzeko, hizkuntza-komunitate sendo bat eratzeko balio izan du euskarak. Etorkizunean ere, euskara izango bada, komunitate horrek iraun duelako izango da. Guk iraun dugulako izango da.

    Halere, gu izateko jendea behar da, hizkuntza-komunitatea osatu behar da. Ezinbestekoa da euskarak iraun dezakeen komunitate bakarrean, hizkuntza-komunitate horrek duen lur eremu bakarrean, Euskal Herrian, euskara eta hizkuntza-komunitatea indartzea.  Eta badakigu hori lortzeko ezinbestekoa dela euskararen berezko lurraldean bizi eta lan egiten dugun guztiok euskara ezagutzea. Are gehiago, ezinbestekoa izateaz gain, eskubidezkoa ere bada, inor bertan biziko bada, euskara ezagutzeko eskubidea izatea. Euskara jakitea eurak aberastea baita, aberastea ezagutzaz, aberastea esperientziaz, aberastea harremanez, bai eta mundu ikuskeraz ere. Ez da justua inori hori ukatzea.

    Jakitea ez da nahikoa ordea, hizkuntza harremanetarako, komunikatzeko erabiltzen den neurrian, ezinbestekoa da, hain zuzen, erabiltzeko aukera izatea. Euskaldunok oztopo gabe euskaraz lasai jarduteko lekuak behar ditugu. Euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira. Euskaraz biziko badira, euskaraz biziko bagara, euskara biziko bada.

    Gaur egun bizi dugun unea, testuinguru ezin aproposagoa da euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Gure alde dugu haizea behar dugun jauzia eman ahal izateko eta abagunea probestu behar dugu.  Horrela, abenduaren batean guk geure hondar-alea jarri nahi dugu, euskaraz bizi nahi duen multzo handia dagoela erakutsiko dugu. Guztiok batera, lortuko dugu, pertsona bakoitzetik taldera, taldetik, hizkuntza-komunitatera eta hizkuntza komunitatetik herri osora zabalduko den ilusioz eta bizi nahiaz aurrera egitea

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.