• 13
    EKA
    Euskararen espaloian irmo
    Espaloia. JAVIER PRAZAK

    "Ez zaitez sekula espaloitik jaitsi" kanpaina abiatu dute Etxarri-Aranazko EHEk eta Euskara Batzordeak. Mezu hori biltzen duen ipuinarekin, euskaraz bizitzeko hautua indartzea eta harrotasunez azaltzea dute helburu.

    Euskal Festaren aurreko astean harriturik geratu ziren Etxarri-Aranazko (Nafarroa) bizilagunak. Herriko karrika eta tabernetan "ez zaitez sekula espaloitik jaitsi" lema irakurri zuten kartel eta pankartetan. Euskal Festan, baina, zalantza guziak argitu zituzten EHEk eta Euskara Batzordeak. Ipuin bat kaleratu zuten, lelo horri erantzuna ematen ziona. Euskaraz bizitzeko hautua indartu nahi izan dute kanpaina horren bidez. Bizilagunak euskaldun izateaz harro egotea nahi dute.

    TELP tailerrean landutakoa praktikara eraman nahi izan zuten EHEk eta Euskara Batzordeak. Horregatik bururatu zitzaien ipuina idaztea. Bertan, konparatu egiten da euskaldunen eta 70. hamarkadan Bahametako Irletan bizi ziren beltzen egoera. Bigarrenak espaloitik jaitsi egiten ziren zuri batekin gurutzatzerakoan, errespetua zor ziotelakoan. Ekimen honen bultzatzaileek uste dute euskaldunak ere sarri jaisten garela espaloitik ezezagunen aurrean, eta erdarara jotzen dugula.

    Ipuina:

    “Zein da gaur egun euskaldunak euskararekiko duzuen jarrera?” galdetu zidan euskararen inguruko erreportaje bat egitera etorri zen galiziar kazetari batek.

    Erantzuna pentsatzen ari nintzela, hara nola izeba-osabak 70. hamarkadan Bahametako Irletara egindako bidaiatik bueltan kontatutakoa etorri zitzaidan burura:

    Bertako biztanle beltzen ezaugarriek liluraturik uzteaz gain, zera kontatzen zuten: espaloitik ttipi-ttapa ibiltzen zirenean, eta oraindik inor paretik zetorrela konturatu baino lehen, beltzak espaloitik jaisten zirela eurei bidea irekitzeko asmoz.

    Hasiera batean izeba-osabek gizalege, errespetu ikurtzat hartu zuten. Baina gertatzen zena behatuz, konturatu ziren espaloitik soilik beltzak jaisten zirela eta txurien aurrean soilik. Beltzek beste beltzen aurrean ez zuten horrela jokatzen. Txuriak, beltzak baino gehiago zirela sinesten zuten, errespetu berezia merezi zutela.

    Hona hemen neure buruari egindako galderak: gurean, erdaldunen aurrean, euskaldunak espaloItik jaisten al gara? ez al da horrelako zerbait gertatzen?

    - Dendara sartzean zein hizkuntzatan egiten dut nire lehenengo hitza? EspaloItik jaisten naiz?

    - Ezezagunei zuzentzean, zein hizkuntzatan egiten dut nire lehenengo hitza? Espaloitik jaisten naiz?

    - Ezezagun batek nire galderari “e?” erantzuten ba dio, zein hizkuntzatan jarraitzen dut? Espaloitik jaisten naiz?

    - Euskaraz egin ondoren gaztelaniaz erantzuten didatenean, zein da nire jarrera? Espaloitik jaisten naiz?

    - …

    Erdarek, euskarak baino errespetu gehiago merezi al dute?

    EZ ZAITEZ SEKULA ESPALOITIK JAITSI!!!

    Euskara Batzordea  eta   EHE

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.