• 04
    MAI
    Amenabar enpresak euskararekiko duen jarrera salatu du Oiartzungo EHEk
    Salaketa pankarta Oiartzungo plazan

    Amenabar enpresak etxebizitza publikoen zozketa irabazi dutenei paperak erdaraz bidali dizkiela salatu du Oiartzungo EHEk (Gipuzkoa). Eragile euskaltzaleak euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu du, eta Udalari horrelakorik errepika ez dadin galdegin. Bestalde, etxebizitza lortu dutenak animatu dituzte Almenabarri hizkuntza eskubideak errespeta ditzan exijitu eta Behatokian salaketa jartzera.

    Oiartzungo EHEren oharra:

    Aurreko hilabetean, Altzibarren egingo diren etxebizitza publikoen zozketa egin zen Oiartzunen. 60 pertsona zortedunei, gehienak edo denak oiartzuarrak eta gehienak edo denak gazteak, etxebizitza horren berri ematen zuten paper ugari jaso dituzte eraikuntza enpresaren eskutik, guztiak gaztelera hutsez. Beste behin ere enpresaren utzikeriak eta ardura faltak euskaldunoi hizkuntza eskubideak urratu dizkigute. Amenabar bezalako Euskal Herriko enpresa batek beraien egunerokotasunean ohikoak diren paper horiek euskaraz ez bidaltzea lotsagarria eta guztiz salagarria iruditzen zaigu. Oiartzuarrek euskaraz bizitzeko eskubidea dugula gogorarazi nahi dugu!

    Iadanik badakigu herritar batzuk kexatu direla Amenabarren aurrean eta baita Behatokian salaketa jarri ere. Guretzat herritar hauen jarrera eredugarria denez, honelako etxea egokitu zaienak berdina egitera animatu nahi ditugu. Amenabarri geure hizkuntza eskubideak errespetatzeko exijitu eta Behatokian salaketa jartzera animatzen zaituztegu.

    Bestalde, Udalari honelako urraketak berriz gerta ez daitezen neurriak hartzeko eskatu diogu. Kasu hau berezia izan dela eta aurrerantzean neurriak hartuko dituztela erantzun digute.

    Bukatzeko herritarrak animatu nahi ditugu Amenabarri euskarazko bertsioa exiji diezaioten. Amenabarri, inork exijitu gabe euskaldunen hizkuntza eskubideak aurrerantzean errespeta ditzala eskatzen diogu eta Udalari beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzen diogu.

    Oiartzungo EHE