• 16
    MAR
    Dena prest dago bihar Euskaraz Bizi Eguna ospatzeko
    Joan den urteko Euskaraz Bizi Eguna. PEIO AGIRRE

    Bihar ospatuko da Euskaraz Bizi Eguna Donostian, eta bere baitan, Nazio Manifestazioa eginen da 'euskalduna naiz eta harro nago!' lelopean. Donostiako euskalgintza burubelarri ibili da lanean. 2.700 atxikimendu baino gehiago lortu ditu egunak.

    Dena prest. Euskaraz Bizi Egunean giro aparta izanen da bihar, nahiz eta eguraldi ona izanen denik ezin den ziurtatu. Egitarau oparoa prestatu du Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaleak. Besta eta aldarria, biak uztartuko dira Donostian. Horretarako, egitarau oparoa prestatu du EHEk. Haur, gazte, heldu zein zaharrendako aproposak diren ekimenak izanen dira egun osoan zehar.

    Eguna antolatzea ezinezkoa izanen litzateke Donostiako eragileek emandako laguntzarik gabe. Jo eta ke ibili dira lanean euskalgintza, gazte asanbladak eta Piratak, eta Udala ere laguntzeko prest azaldu da momentu oro. 2.700 atxikimendutik goiti lortu ditu Euskaraz Bizi Egunak, eta Ikasle Abertzaleek, EHBEk eta Ezker Abertzaleak babesa eman diote egunari.

    Nazio Manifestazioa izanen da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena. Euskaltzale andana biltzea espero du EHEk kalejira koloretsuan. Harrotasun manifestazioa izanen baita biharkoa, harrokeriarik gabe, baina euskaldunak garela eta euskaraz bizi nahi dugula harro adierazteko eguna. Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Euskaraz Bizi Egunak.

    Nondik dator EBE?

    Hirugarren Euskaraz Bizi Eguna izanen da aurtengoa. Historia, baina, luzeagoa du EHEren bestak. Hizkuntza Eskubideen Eguna bezala hasi zen egun hau, eta 2010era arte ez zuen izena aldatu. Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) egin zen lehenbiziko Euskaraz Bizi Eguna, eragile euskaltzalearen 30. urteurrenarekin batera. Etorkizunera begira EHEk egin zituen planteamenduetarako mugarri izan zen ekimen berria. Egun honekin norbanakoengandik hasita, eta komunitatea inplikatuz, euskaraz bizitzearen aldeko apustua indartu nahi izan du EHEk. Taldeak aurkezpenean azaldu zuenez “euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna da”.

    Osotara zazpi urte daramatza EHEk euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko egunak prestatzen. Hizkuntza Eskubideen Egunak 2003an hasi zuen bere ibilbidea. Lehenbiziko jai hura Gernika-Lumon izan zen. Egun solte bateko kontua izanagatik ere, orduan hasi zen errotzen ekimena, eta 2004an hasi zen ofizialki Hizkuntza Eskubideen Eguna. 'Bai ofizialtasunari!' lelopean abiatu zen egun hau Lesakan (Nafarroa).

    Oiartzunen (Gipuzkoa), Santurtzin (Bizkaia), Azpeitian (Gipuzkoa), Atarrabian (Nafarroa), eta Ondarroan (Bizkaia) ospatu zen ondorengo urteetan.  2010. urtean 'Euskal Herrian Euskaraz bizi! Euskal Herri euskalduna eraiki!' aldarrikatu zuen EHEk lehenbiziko Euskaraz Bizi Egunean. Jarraian, Gernika-Lumok hartu zion lekukoa. 'Sasi guztien gainetik euskaraz bizi!' lemapean inoiz baino jende gehiago bildu zuen EHEren jaiak.