• 07
    MAR
    Euskaraz Bizi Egun txikia ospatu dute Zarautzen
    Giro ederra Zarauzko kaleetan

    Larunbatean Euskaraz Bizi Egun txikia antolatu zuen Zarauzko EHEk (Gipuzkoa). Egun osoko egitaraua prestatu zuen Euskaraz Bizi Egunerako giroa berotzeko asmotan.

    Bi helburu nagusi izan zituen Zarauzko Euskaraz Bizi Egun txikiak: bata, herria martxoaren 17an izango den Euskaraz Bizi Egunerako girotzen hastea; bestea, berriz, dirua biltzea, azken aldian AEKn egin dituzten lapurretetan EHEren diru apurra ere ebatsi baitute.

    Arratsaldeko 17:00etan hasi zen festa. Lehenbizi lagun-taldeen arteko Mihiluze lehiaketari ekin zioten Putzuzulo gaztetxean. Lagun giro ederra sortu zen larunbat arratsaldean, eta batzuek hurrengo batean errepikatzeko eskatu zieten antolatzaileei. Segidan, Barrena eta Agostiren trikiti eta pandero hotsa lagun zituztela, kalejira egin zuten herrian zehar. Kalean zenbiltzan hainbat lagun ere batu ziren triki-poteora, eta gustura aritu ziren dantzan.

    Gauean, berriz, Fan&Go taldeak kontzertua eskaini zuen gaztetxean 23:30etatik aurrera. Ehunka izan ziren hauen doinuekin dantzan ibili zirenak goizaldera arte. Xiximaru AJk eman zion bukaera Zarauzko Euskaraz Bizi Egun Txikiari. EHEko kideek adierazi dutenez, eskerrak eman beharrean daude, jende askok lagundu baitu egun hau antolatzen.

    Egun txikiak eta ekimenak

    Martxoaren 17an Donostian ospatuko den Euskaraz Bizi Egunaren harira hainbat ekimen eta besta antolatu dira asteburuan Euskal Herriko herrietan. Bertso afaria Durangon (Bizkaia), triki-poteoa Gernika-Lumon (Bizkaia), eta Euskaraz Bizi Egun txikia Beasainen (Gipuzkoa). Atzo, berriz, Izan, egin, eragin, Euskal Herrian Euskaraz dokumentala eskaini zuten Bergaran (Gipuzkoa).

    Heldu den asteburuan ere, hainbat Euskaraz Bizi Egun txiki eta ekimen eginen dira Euskal Herri osoan. Besteak beste, Gasteizen, Gernika-Lumon, Etxarri Aranatzen (Nafarroa), Iruñeko auzoetan eta Faltzesen (Nafarroa). Informazio gehiago eskuratu dezakezue Agenda atalean.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.