• 24
    URT
    Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu du EHEk
    Larreategi, Lamarain eta Arrizabalaga EBEren aurkezpenean

    Donostiara joan eta Euskaraz Bizi Egunean parte hartzeko deia luzatu die EHEk herritarrei. Ehunka lagunentzako herri-bazkaria eta gaueko kontzertuak egun honetako egitarau zabalaren ikur nagusiak badira ere, aurten 'Euskalduna naiz eta harro nago!' lelopean egingo den Nazio Manifestazioak protagonismo berezia izango du. Eragile euskaltzaleak esan duenez, "Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Donostian egingo dugun Euskaraz Bizi Egunak. Jaia eta aldarrikapena uztartuz, euskaltzale andana batu nahi dugu martxoaren 17an".

    Prentsa aurreko agerraldia Koldo Mitxelena Kulturgunean egin du EHEk. Igone Lamarain EHEko kideak irakurri duen testua jarraian:

    "Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzaletik heldu den martxoaren 17an Donostian egingo dugun Euskaraz Bizi Eguna aurkeztu nahi dizuegu.

    Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna dugu Euskaraz Bizi Eguna.

    Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin genion EHEtik. Aurten hirugarrenez antolatu dugun ekimenak Etxarri-Aranatzen hasi zuen ibilbidea, umiltasun handiz. Deialdiarekiko atxikimendu zabalak eta honen inguruan sortzen joan den mugimenduak bultzatuta Euskaraz Bizi Eguna dimentsio zabalagoa hartzen hasi zen, iaz Gernika-Lumon ospatutakoak frogatu bezala. Etxarri-Aranatz eta Gernika-Lumo izan dira beraz, euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleiho azken urteotan.

    Alta, iazko otsailean ‘Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!’ lelopean Donostian bertan egin genuen manifestazioan landatutako hazia ereinez, aurten urrats bat harago joan eta Donostiara ekarri nahi izan dugu jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen egitasmoa. Harrotasunez baina harrokeriarik gabe, noski, euskaraz bizi nahi duen herriari merezitako leihoa eskaini nahi izan diogu, eta Donostian, Txillardegi zenaren bizilekuan bertan topatu dugu.

    Euskaraz Bizi Eguna besoetan hartuko duen lehen hiriburua leku berezia denik ezin ukatu beraz. Baina ez da egun hau berezi egingo duen elementu bakarra. Testuinguru politiko berezia bizi dugu azkenaldian, eta ezin diogu horri bizkarrik eman. Eta zergatik diogu hau? Bada, euskara, euskalduna eta herri euskalduna eztabaida politikoaren erdigunera ekartzeko ardura dugulako egoera oker hau irauli nahi dugunok. Euskaraz bizitzeko herri gogoa indartzea lehentasunezko gai bilakatu behar dugu datozen garaietan. Euskaldun eta harro, gainera. Mendeetako zapalkuntzak gugan sortu dituen ustezko errespetuzko jokabide sumisoak gaindituz. Bakoitzak beretik eta komunitate moduan iraultzarako garaia da orain datorkiguna, gure etorkizunerako erabakiorrak diren garaiak datoz, eta euskaldunok asmatzera behartuta gaude. Horretarako, lehenengo ariketa bertatik bertara egin beharrekoa da. Estatu asimilatzaileei ezer eskatzen hasi aurretik, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu, eta, gutxienez, abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu independentistoi; ez baita horrela izan. Eta Estatu zapaltzaileen aurrean zer aldarrikatzea dagokigu? Posibilismoan jokatzeko edota aldaketa estrategikoen alde egiteko garaiak dira? Gure ustez, bigarren aukera da egokia.

    Euskara eta politika ez direla batu behar diotenen aurrean, euskarak politikak behar dituela aldarrikatzen dugu guk. Ezin dugu sasi ofizialtasun eta menpeko hizkuntza politikak aldarrikatzen jarraitu. Euskarari lehentasuna emango dion legedi eta politikak aldarrikatzeko garaia da gure iritziz. Baita euskara ezagutu beharreko hizkuntza gisa kokatzekoa ere. Eta erabakitzeko eskubideari tiraka, hizkuntza politika burujabe eta nazionala eskuratzen ahalegintzekoa.

     

    Nazio Manifestazioa: Euskalduna naiz eta harro nago!!

    Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Donostian egingo dugun Euskaraz Bizi Egunak. Esan bezala, jaia eta aldarrikapena uztartuz, euskaltzale andana batu nahi dugu martxoaren 17an.

    Eguna jai giroan pasatzeko, Alde Zaharrean zehar kokatuko den egitarau zabala prestatu dugu: 11(2),00etatik aurrera erakusketak, kale animazioa, haurrentzako ikuskizunak, puzgarriak, tailerrak, euskalgintzaren azoka, ehunka pertsonentzako herri bazkaria, dantzaldi eta kantaldiak, txarangak eta abar egongo dira. Egun osoko egitarauak gauez ere izango du segida, kontzertuetan. Otsail erdialdean egingo dugun Euskaraz Bizi Egunaren aurkezpen ekitaldian emango ditugu jakitera, dena den, zehaztapen guztiak.

    Aldarrikapenak baina, tarte nabarmenena izango du egitarauan: “Euskalduna naiz eta harro nago!” lelopean Nazio Manifestazioa egingo dugu, bulebarretik abiatuta. Ez da nolanahiko manifestazioa izango, musikak, koloreek eta euskaldun izatearen harrotasuna adierazteko ikurrek -eta batez ere harrotasun hori sentitzen duten parte-hartzaileek- protagonismo berezia izango baitute mobilizazioaren baitan.

    Datozen asteotan, manifestazioari begira atxikimenduak biltzeko kanpaina eramango dugu aurrera. Horretarako, herriz herriko harreman-dinamika abiatzeaz gain, www.euskalherrianeuskaraz.org webgunean norbere konpromisoa agertzeko aukera izango da.

    Agerraldi honen bitartez dei egiten diegu euskaltzale guztiei martxoaren 17an Donostiara joan eta Euskaraz Bizi egunean zein ‘Euskalduna naiz eta harro nago!’ Nazio Manifestazioan parte har dezaten.

     

    Euskaraz bizi!

    Euskal Herri euskalduna eraiki!

     

    Euskal Herrian Euskaraz

    Donostian, 2012ko urtarrilaren 24an"

     

     

    Jexux Arrizabalaga EHEko kidea:

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.