• 15
    OTS
    Hizkuntza politikek erroko aldaketa behar dutela azpimarratu du Kontseiluak
    2011ko urtekariaren aurkezpen ekitaldia

    Hizkuntza-politiken urtekaria 2011 aurkeztu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Ondorio argia atera dute: erroko aldaketak behar dituzte Euskal Herriko administrazioek egiten dituzten hizkuntza-politikek. Lurralde guztietan atzera urratsak eman dira 2011an, batzuetan besteetan baino gehiago.

    Azken hamarkadotan garatu diren hizkuntza-politikek ez dute euskararen normalizazioa ekarriko Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren ustez. Gainera, atzera urratsak ematen ari direla salatu du. “2011 urtean nahikoak ez diren politika horiek okerrera egin dute, aurrera egin beharrean atzera egin baitute”, azaldu du.

    Administrazioen jarrera salatzearekin batera, euskalgintzaren lana txalotu du Kontseiluak. “Haizeak aldekoak izan ez badira ere 2011 urtean euskalgintzak ekarpen oparoa egin dio hizkuntzaren normalizazio-prozesuari, eta beste urte batez erakutsi du herrigintzaren zutabea sendoa dela", esan du Bilbaok.

    Kontseiluaren balorazioa:

    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: Estrategikoak diren eremuetan atzerapauso nabarmenak eman dira. Hezkuntza alorrean, legeak ezarritako agindua betez, DBH bukatzean ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak menperatzea ahalbidetuko lukeen irakasteredu berria ezartzeari muzin egin eta ikasle guztiak euskalduntzen ez dituen irakastereduen sistema zaharkitua mantendu da eta D ereduak baino euskarazko ordu gutxiago dituen esperimentu hirueleduna abian jarri.

    Eremu sozioekonomikoan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu beharko lukeen legetik araudia ez betetzeagatik ezarri beharreko zehapenenak kendu dira eta araudiaren beraren eraginkortasuna ezerezean utzi. Administrazio publikoan, herritarrei harrera bi hizkuntza ofizialetan eskaini ahal izango dieten langile elebidunak kontratatu beharrean, euskara are gutxiago balioztatzen duten lan-deialdiak egin dira hezkuntza eta osasun alorrean.

    Nafarroa Garaia: Atzera egin da nabarmen, aurrera egin beharrean. krisialdi ekonomikoa aitzakiatzat harturik, euskararen eta Euskalgintzaren aurkako bere estrategia orokor eta planifikatua sakondu du Nafarroako Gobernuak. Aurrez euskararen normalizaziorako sosak eskasak baziren, 2011 urtean are murritzagoak izan dira, kasu batzuetan guztiz desagertzeraino. Honela, euskarazko hedabideek, euskara sustatzeko udal-programek, euskaltegiek edota Ikastolek, murrizketa latza pairatu dute beren partidetan.

    Esan bezala, krisiaren aitzakiarekin, baina aurrekontu orokorra %2,95 murriztu den bitartean, euskararena horren gainetik murriztu da, kasuren batean %100. Alegia, hainbat sektorek krisi garaian laguntza gehiago jasotzen duten bitartean (autogintza, etxe-tresnagintza...) Euskalgintzak bere biziraupena zalantzan jartzen duen murrizketak pairatu behar izan ditu. Bestalde, Vascuencearen Legeak 25 urte bete ditu eta lege-aldaketa ezberdinak proposatu diren arren, Legea bere-horretan mantentzea erabaki da, dagoen bezala beren helburuetarako, alegia, euskara desagerrarazteko, baliagarria den seinale.

    Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa: Beste urte batez, Euskararen Erakunde Publikoak hitz politak, asmo ederrak eta paper gaineko plangintzak baino ez ditu eskaini. Euskararen ezagutza juridikoan ez da inolako aurrerapausorik eman eta, beste behin, euskarak eta beste hizkuntza gutxiagotuek behar duten legea atzeratu egin da. Era berean, krisialdiaren aitzakiapean, hainbat murrizketa egin dira hezkuntza alorrean zein hedabideen eremuan, gainerako eremuetan ez delarik sakoneko aurrerapausorik eman (administrazio publikoa, alor sozioekonomikoa...).

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.