• 26
    AZA
    Hizkuntza-komunitate guztientzako aitortza aldarrikatu du Paul Bilbaok Nazio Batuen Erakundean
    (www.kontseilua.eus bidez)

    42 hizkuntza-komunitate biltzen dituen Europako Hizkuntza Berdintasunaren Aldeko Sarea - ELEN erakundearen izenean hartu du hitza Genevan.

    Kontseiluko idazkari nagusi eta ELEN erakundearen lehendakariorde Paul Bilbao Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak sustatutako Gutxiengoen Aferetarako Foroan parte hartzen ari da, eta bertan hizkuntza-komunitate guztien aitortza ez ezik, bermerako mekanismoak ere aldarrikatu ditu.

    Bi ardatz nagusi izan ditu Paul Bilbaoren hitzartzeak. Batetik, gatazken konponbidean eskubide kolektiboen aitortza urrats eragingarria dela azaldu du: "Hizkuntza-komunitateen aitortza eta horien babeserako mekanismoak nahitaezko tresna da gatazkak saihesteko".

    Hori iritzita, nazioarteko instituzioen jarrera salatu du: "Badirudi, nazioarteko komunitateak lehenetsi izan duela desagertzear dauden hizkuntzen zerrenda egitea eta, ez ordea, hori saihesteko beharrezkoak diren arauak abian jartzea, beti ere hizkuntza-komunitateek beren hizkuntzetan bizitzeko duten eskubidea askatasunez egikaritu ahal izateko." Horrexegatik, "egiazko elkarbizitza eredugarria helburu badugu, hizkuntza-komunitateekiko bereizkeria arbuiatu beharrekoa" dela esan du.

    Bestalde, Paul Bilbaok Frantziako Estatuaren adibidea partekatu nahi izan du foroan bildu diren munduko laurehunetik gora partehartzaileekin.  Izan ere, Foroan eztabaidarako aurkeztu duten dokumentu-zirriborroak azpimarratu egiten du gutxiengoen aitortza ez dela bakarrik Estatuaren erabakia:  "Frantziako Estatuak ukatu egiten ditu eskubide kolektiboak, eta horren ondorioz, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean edota Haurren Eskubideen Deklarazioan babesgabe uzten ditu Estatuko hizkuntza-komunitate gutxiagotu guztiak, eta beraz, Foroan denbora guztian aldarrikatzen ari diren gutxienekoen kontra egiten du".

    "Tamalez, mendebaldeko Europan, XXI. mendean eta demokraziaren eredu ei den Estatu batek horrelako jarrera izan dezake" adierazi du Kontseiluko ordezkariak. Gogorarazi nahi izan du NBEaren hainbat Batzordek  eskubide kolektiboak bermatzeko gomendio zehatzak egin izan badizkiote ere oraindik ez duela urrats hori egin.

    Hitzaldiaren amaieran, foroan hainbat aldiz aipatu izan den bakea ere egin izan du hizpide: "Bakea herritarren eta herrien bizi-baldintza duinak jarri izanaren ondorioa da. Egiazko bakea erdiesteko hizkuntza-komunitateen duintasuna bermatu behar da. Hartara, inoiz baino beharrezkoa da pax linguae kontzeptuaren benetako garapena lortzea, eta horren arabera jardutea".

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.