• 13
    URR

    Itotzen gaituzten kateak hautsi eta gure eredu propioa eraikitzeko deia egin da larunbat zein igandeko mobilizazioetan. Besteak beste, eskola euskalduna eta hizkuntza politika burujabeak egin ahal izatea bermatuko digun euskal errepublika aldarrikatu dira.

    Eskola zein errepublika euskalduna aldarrikatu dira astebukaeran

    Larunbatean LOMCEren kontrako eta hezkuntza eredu propioaren aldeko mobilizazioak egin ziren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko hiriburuetan. Hezkuntza Plataformen Topaguneak; EILAS, LAB eta ELA sindikatuek; Ikasle Abertzaleek eta Sortzen-ek deituta, herritar andana batu ziren. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzalea ere bertan izan zen, eskola euskalduna aldarrikatuz. Euskararen ezagutza unibertsala bermatu eta belaunaldi berriak euskaldunduko dituena; Euskal Curriculuma oinarri hartuta euskal nortasunaren eta kulturaren transmisioa ziurtatuko dituena, hain zuzen ere. Bide horretan egungo ereduak ere ez dutela balio salatu zuten. Hori dela medio, Gasteiz eta Iruñeko gobernuak ere interpelatu zituzten. Porrot egindako ereduen sistemaren ustezko “blindajea” garaipen gisa agertzeari uzteko eta eskola euskaldunaren kontrako sorgin ehiza eteteko eskatu zieten, hurrenez hurren. Eskola euskalduna eraikitzeko garaia da.

    Igandean, berriz, Independentistak sareak deituta, euskal errepublikaren aldeko manifestazioa egin zen Bilbon. Hispanitate eguna probestu zuten horretarako, egunerokoan eta esparru orotan euskal herritarrok jasaten dugun ukazioa sinbolizatzen duen eguna. Beste hainbat esparrutako aldarrikapenekin bat, euskararen gaia ere presente egon zen. Euskaraz biziko bagara, hizkuntza politika burujabeak ezinbestekoak ditugu eta euskal errepublika izango beharko luke hori bermatuko digun marko juridiko-politikoa. Egun ezintasuna bizi dugu, nola euskaraz bizitzeko, hala horri buelta emateko hizkuntza politikak egiteko ere. Horretarako tresna izatea, beraz, nahi bat baino oinarrizko behar bat da.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.