• 08
    IRAI

    Jende ugari bildu zen Tolosan. Omenaldirik onena, baina, garaipena izango da. Zure eredua jarraituz, lortuko dugu!

    Alaia, lagunkoia, borrokalaria. Eredugarria, finean. Era horretan definitu zuten Inazio Agirreri azken agurra ematera Tolosara hurbildutako makina bat senitarteko, lagun eta burkideek. Sortuk antolatuta, berak egindako bertsoak kantatzeaz gainera, bere jardun zein ekarpen neurtezina gogora ekarri zen larunbateko omenaldi hunkigarrian.

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak ere izan zuen hitzartea. Nestor Esteban bozeramaileak eragile euskaltzaleko kideen samina adierazi zuen, Inazio ”EHEren sortzaile izateaz aparte, urte luze guzti hauetan, herri euskaldunaren aldeko borrokan beti bidai lagun izan dugulako, beti ondoan, beti gurekin, elkar elikatuz, bere berotasuna eskainiz”. Pertsona eredugarria izan da eta “izaten jarraituko du”.

    Segidan, Inaziok euskarak eta euskaldunok bizi dugun egoerari buruz azken hatsa eman artean presente izandako kezka ekarri zuen mahai gainera: “Herri euskaldunaren askatasuna zuen helburu, eta mendeetan kendutako burujabetasuna eta minorizatu diguten hizkuntza berreskuratu nahi zituen etorkizun askea eta euskalduna eraikitzeko”.

    Gure hizkuntza komunitateak neurri aringarriekin konpontzen ez den “gaitz larria” duenaren jakitun, aldi historiko berria oinarri berriak jartzeko baliatu behar genuela iduri zuen. Horretarako, “gatazkaren konponbide integralerako, euskararen erreparazioa funtsezko osagai gisara ikusten zuen”, “huts egin gabe konpondu beharreko osagai nagusietako bat”.

    Euskal Herria hizkuntza komunitate osoa eta burujabea izatea helburu, “hizkuntza politika berria aldarrikatzen zuen”.  Horren bidean eragin politiko zuzena izateko euskarak eta euskaldunok aurrerapauso bat eman behar genuela uste zuen.

    Inaziok bezalaxe EHE-k ere “herri euskalduna eta burujabea” nahi du. Zentzu horretan, Inaziok egin bezala, maila guztietan, “gugandik hasita, euskaraz eta burujabe” jokatzeko deia egin zuten. “Herri gogo horrek berpiztuko du euskara, eta Txillardegiren izarrak, orain zurearekin batera, argituko dute Euskararen Herria berrezartzeko bidea”.

    Ondoren Karmele Aierbe lagun eta burkideak hartu zuen hitza. Bere armak “gogoa, lankidetza eta borroka” zirela gogorarazi eta bere maisu, burkide eta laguna zen Inaziori zin egin zion: “lortuko diagu Euskal Herri euskalduna!”.

    Ekitaldiaren hastapenetan adierazi zen bezala “euskarak eta Euskal Herriak militante fin eta leiala galdu du”. Orain guri dagokigu berak egindako lan eskergari segida eman eta urratsez urrats Euskal Herri euskalduna eraikitzea. Lortuko dugu!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.