• 25
    EKA
    Lan mundua euskalduntzeko neurri eraginkorren beharra azpimarratu du Kontseiluak

    Gogoetarako deia egin die lan munduko eragile desberdinei, lan mundua euskalduntzeko urratsak gaurdanik ematen hasteko. Geroz eta gehiago dira lan mundua euskalduntzearen aldeko hautua egiten duten enpresak.

    Euskaraz bizitzeko lan mundua euskaldundu egin behar da, besteak beste, eta horretan dihardute hainbat eragilek. Baina hori ez da aski. Kontseiluak ongi baloratu ditu orain arte emandako urratsak, baina neurri eraginkorren beharra nabarmendu du. “Euskara-planen mapa eta Bai Euskarari Ziurtagirien ebaluazioa aztertuta, esan dezakegu, egoera zailenean ere enpresa askok beren burua euskalduntzeko eta euskaraz jarduteko ahaleginari eutsi diotela”, azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

    Kontseiluak azaldu duenez, urtez urte geroz eta enpresa gehiagok egin dute lan mundua euskalduntzeko hautua.  “Gero eta enpresa gehiago ohartu da, bezero euskaldunengana heltzeko, gizarte erantzukizunez jokatzeko, euren langileak motibatzeko eta inguruneari balio erantsi bat eskaintzeko, euskaraz lan egiteko urratsak emateak euren negozioak aberasten dituela”, esan du Bilbaok. Izan ere, euskarazko tratuak bezeroarengana hurbiltzeko aukera ematen die enpresei. Dena den, enpresen jarrera “txologarria eta eredugarria” dela uste duen arren, urrats berrien beharraz mintzatu da Bilbao. “Gaur egungo bidetik, ezin zaio herritarren eta langileen nahiari epe onargarri batean erantzun, horrela ezin dira herritarren hizkuntza-eskubideak epe labur-ertain batean bermatu”.

    Lan mundua euskalduntzeko urratsak emateko eskatu die administrazioari, eta oro har, lan munduaren euskalduntzean zeresana duten eragileei. Gainera, etorkizuneko oinarriak ezartzeko, lan mundua osatzen duten eta eremu honen euskalduntzean zeresana duten eragile garrantzitsuenekin gogoetak partekatu nahi ditu Kontseiluak. Alegia, lan mundua euskalduntzeko “ezinbestekoak” diren neurrien inguruan aritzeko: “normalizaziorako espazioen euskalduntzeak duen garrantziaz, hizkuntza-politiken eta arauaren funtzioaz, enpresek eta langileek hartu beharreko konpromisoez eta behar dituzten bitartekoez eta laguntzez eta bezeroek honetan laguntzeko jokatu dezaketen paperaz, besteak beste”.

    Euskalduntzearen alde herritarrak

    Kontseiluak Araba Bizkai eta Gipuzkoako hainbat datu jaso ditu. Horien arabera, hamar herritarretatik zazpik (%72 zehazki) uste du ezinbestekoa dela jendearen aurrean lan egiten duten funtzionarioek euskaraz hitz egitea. Are gehiago, herritarren %69ak uste du hiru lurralde horietan lan egiten duten funtzionario guztiek euskara ikasi beharko luketela. Gehiago dira kontsumitzaile eta erabiltzaileek saltoki, enpresa eta administrazioaren aldetik euskaraz zein gaztelaniaz atendituak izateko eskubidea dutela diotenak: %81 hain zuzen. Bestalde, %85aren aburuz euskara jakiteak aukera gehiago ematen ditu. Aipatu datuak Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak 2011ko urtarrilean argitaratutako Euskara: erabilera, jarrerak, politikak txostenean jasotzen dira.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.