• 22
    EKA

    Oiartzungo Euskal Herrian Euskaraz taldeak ez du etsi herriko bi merkatalgune nagusiei zuzenduriko kanpaina. Aspalditik ari dira Oiartzungo euskaltzaleak Alcampo eta Carrefour merkatalgune handietan urratzen diren hizkuntza eskubideen aurrean era guztietako dinamikak eta erantzunak artikulatzen, hala nola, sinadura bilketa erraldoi, ekimen erreibidinkatzaile, elkarretaratze eta halakoak baliatuz. 2008tik daramaten borrokaren aurrean aipatu merkatalguneen erantzun eza ikusita, Oiartzungo EHEk protesta egingo du ekainaren 25ean, plazan.

     

     

    Oiartzungo EHEren oharra:

     

     

    ALCAMPO ETA CARREFOURREN URRAKETEI, EUSKARAZ ERANTZUN! 
     

    .

    Herriko bi merkatal gune nagusiak, ALCAMPO ETA CARREFOUR, euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzen dute. Oiartzungo Euskal Herrian Euskarazeko kideok urraketak etengabe salatzen ari gara azken urte luzeetan; hala nola, kontzentrazioak, sinadura bilketa erraldoia, ekimen ezberdinak merkatalguneetan… eginez. Ez da azken urteetako kontua Euskal Herrian Euskarazek gai hau jorratzen duena; izan ere Oiartzunen 1991an Euskal Herrian Euskaraz taldea sortuz geroztik etengabe salatu du merkatal zentro hauek euskararekiko erakusten duten axolagabekeria.  

    Gainera aipatu beharra dago duela pare bat urte burututako sinadura bilketan 651 atxikimendu bildu zirela bi hilabeteetan. Nahiz eta sinadura bilketa sendoa izan Alcampo eta Carrefourrek inolako lotsarik gabe herritarroi bizkarra eman ziguten, euskara baztertuz eta erdara inposatzeko jarrera mantenduaz. Hizkuntza eskubideak bermatzen hasteko zenbait minimo bete zitzaten eskatu genien garai hartan eta minimo berberak eskatzen dihardugu oraindik ere: 

      - Euskaldunak bagara, zergatik Alcampo edo Carrefourren ez  gaituzte euskaraz zerbitzatzen?

      - Zergatik ez zaigu etxeetara Alcampo edo Carrefourreko propaganda euskaraz    iristen?

       - Zergatik Alcampo edo Carrefourreko errotulazioa ezin dugu euskaraz irakurri?   

    Badakigu bi supermerkatu hauek nahiko baliabide badituztela langileei euskara irakasteko, txartelak, propaganda... euskaratzeko; hitz batean esanda, EUSKARAZ FUNTZIONATZEKO!! 

    Ez dugu beraien aldetik  modu progresibo batean euskararen aldeko pausoak emateko borondaterik ikusten. Gure herrian arrotz sentiarazten gaituzte, paradoxa badirudi ere merkatal guneetako hainbat propagandetan dioten moduan gure etxean bezala sentiarazi nahi izatea gustatzen zaienean.  

    Honez gain, gogorarazi nahi diegu herritarrei, PSOEk duela gutxi ezerezean utzi duela “Kontsumitzaileen eta erabiltzaileei buruzko 123/2008 dekretua” ez betetzeak zakarren isuna. Nahiz eta dekretu hau ez izan gure gustukoa, euskaldunen portzentajea %33tik gorakoa den EAEko udalerrietako zein hiru hiriburuetako establezimenduei, enpresei eta erakundeei hainbat betebehar ezartzen zizkien, hala nola guk aldarrikatutako minimoak. Dekretu honek gure herriko merkatal zentroei ere eragiten zieten, gehienez 4 urtetan euskalduntzera behartzen zituelarik. Gainera, denbora horretan dirulaguntzak eman dizkie Jaurlaritzak euren establezimenduak, saltokiak, enpresak eta erakundeak euskalduntzeko. 2008tik Jaurlaritzak urtero 600.000 euroko deialdia egin izan du. Dekretu hau mahai gainean egonik, diru laguntzak barne eta Alcampo eta Carrefourrek inongo aurrera pausorik ez eman izanak hainbat galdera luzatzera behartzen gaitu: 

         - Jakinik 2008tik gaur arte bi urte pasa direla eta aldaketarik ikusi ez dugula zer egin da dekretu honekin?

          - Dirulaguntzarik jaso al duzue?

          - Jaso baduzue, zer egin duzue? 

    Argi esan nahi diegu bi merkatalguneei herritarrekin dutela konpromisoa eta ez Euskal Herrian Euskarazekoekin ezta dekretu puntual batekin ere. 

    Guzti honen aurrean, herritarrei gonbita egiten diegu hizkuntza urraketak Behatokian salatzeko eta ekainak 25 arratsaldeko bost eta erdietan plazara azaltzeko egingo den protestaldian parte hartzeko. 

    Aldarrika ditzagun gure hizkuntza eskubideak!!!

     

    Eranskinak:

    Oiartzungo EHE