"NUPen Euskararen aldeko Plan Estrategiko baten beharra aldarrikatzen dugu. Unibertsitatearen bizitzaren arlo guztiak aintzat hartuko dituena, ez bakarrik akademikoa; arlo akademikoan plangintza eraginkorrak eta arrazoizkoak egingo dituena; eta unibertsitate barruko zenbait sektore euskaltzale baztertuko ez dituena".
NUPen euskarak izan duen azken p003_f01plan estrategikoa Euskararen Plan Estrategikoa 2007-2009 izena zeukana izan zen. Burilloren errektorearen taldeak eginikoa zen, eta campuseko orduko euskaltzaleen errefusa ia orokorra jaso zuen. 2007. urtea aldaketa-urtea izan zen, eta Lafuente atera zen errektore.
Labur beharrez aipatuko ez ditugun hainbat arrazoi direla medio, campuseko sektore euskaltzaleok lan egiten utzi diogu Lafuente eta bere ekipoari. Uste dugu, ordea, garaia dela zazpi urte hauen balioespena egiteko
Hasteko, Plan Estrategikoa 2009an bukatu bazen, zerk zuzendu du NUPen euskarari buruzko politika ordutik pasatu diren sei urteetan?
Galdetu egin genuen dagokien organoetan, eta esan zitzaigun euskararen afera sartuta zegoela Unibertsitatearen 2011-2014 III. Plan Estrategikoaren barruan; beraz, dokumentu horrek ezartzen zuenak gidatzen zuela euskararen asturua unibertsitatean.
Plan Estrategiko hori begiratu genuen, eta aurkitu genuena izan zen haren 91 orrietan, 24. orrian hitz egiten dela soilik euskarari buruz, esateko, funtsean, «saiatuko zirela euskaraz ematen ziren irakasgai-kopurua emendatzen graduetan eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Masterrean».
Beraz, Unibertsitatearen bizitzan funtsezkoak diren beste arlo batzuk (prestakuntza, kultura, erabileraren sustapena, e.a.) ez ziren aintzat hartzen. Bestalde, euskararen eskaintza zabalagotzea estrategikotzat jotzen zen master bakar batean (Irakasleen Prestakuntzan), baina ez NUPek ematen dituen gainerako master guztietan. Bukatzeko, ez zen hitz bakar bat ere esaten euskarazko irakasgaien eskaintzaren bilakaera nork eta nola ebaluatuko duen.
Oso bestelakoa zen ingelesak Plan Estrategiko horretan zeukan tratamendua. Beharrezkotzat eta positibotzat jotzen duguna, noski. Ingelesezko irakasgaien eskaintza handiagotzea, graduetan, estrategikotzat jotzen zen, jakina; baina baita masterretan ere. Master guztietan, ez master bakar batean. Bestalde, ingelesaren eskaintzaren handiagotzea zen dokumentu haren «Aginte Koadro Integralerako» aukeratu zen 17 adierazleetako bat (begiratu azkar batean NUP bere helburu estrategikoak betetzen ari oten den ikusi ahal izateko balio zuen koadro bat). Euskara ez. Zergatik ez luke eduki behar euskarak ingelesak adina aukera NUPen? Ez gara sartuko «ingelesa versus euskara» gatazka artifizial eta zentzugabe horretan, baina, ingelesarentzat posible dena NUPen, ez omen da posible Nafarroako hizkuntza ofiziala den euskararentzat. Zergatik? Borondate kontua dirudi, zailtasun tekniko edo legalen mailako afera baino.
Laburbilduz, uste dugu Unibertsitatearen III. Plan Estrategikoak euskarari buruz markatzen zituen helburuak oso partzialak (alderdi akademikoa baizik ez zuen kontuan hartzen, gainerako gaiak alde batera utziz), lausoak eta zehaztugabeak («irakasgai-kopurua handiagotzea graduetan») eta anbiziorik gabeak zirela.
Horretaz gain, III. Plan Estrategikoak euskarari buruz markatzen zituen helburu estrategikoak bete ote diren balioetsi beharko litzateke.
Gure eskaerek hartaratuta, agintea oraintxe utzi duen errektoretza taldeak helburuen ebaluazioa biltzen duen dokumentu luze bat atera zuen. Dokumentu horren balioespena guztiz positiboa da, are triunfalista ere, esan liteke. Zoritxarrez, gure ikuspuntua oso urruti dago Lafuenteren taldeak eta prentsa onak bultzatu duten triunfalismo horretatik. Ez dugu asmorik datu-gerra batean sartzeko, ez plaza publikoan behintzat, datuak erraz manipulatzen ahal direlako, are errazago unibertsitatearen errealitatea akademikoa ezagutzen ez duen eta zertan ezagutu ez duen jende normalaren aurrean. Irakasgaien eskaintzaren emendatze bat egon den eztabaidatzen ez gara hasiko, hemen behintzat; ez eta emendatze hori zergatik gertatu den edo nola kontabilizatu den ere. Dioguna da, hala balitz ere, emendatze hori hutsaren hurrengoa izan dela, eta, are okerragoa dena, planifikatu gabea, inkoherentea eta arbitrarioa, egunean eguneko inprobisazioak zer ekarriko, eta horren araberakoa. Eta gure adierazpen aski larri honi funtsa emateko, hemen bai, hemen datu bat emango dugu. Bakar bat, baina aski adierazgarria: Osasun Ikasketen Fakultatean (Erizaintzan) kontzentratzen omen da ikasle euskaldunen ehunekorik handiena (kenduta, noski, Irakasletza, euskaraz osorik ematen ahal den karrera bakarra NUPen): %40-45 inguru, NUPek berak ematen dituen datuen arabera. Bada, Erizaintzan euskaraz eskaintzen diren irakasgaien kopurua… bi da. Bai, bi irakasgai egin ditzakete euskaraz Osasun Ikasketen Fakultateko % 40 ikasle euskaldun horiek. Eta gainera, 2007an, hau da, Lafuenteren taldea sartu zenean, kopurua ere berdina zen: bi irakasgai. Datu horrek, zerbait jartzen badu agerian, horixe jartzen du, planifikazio falta erabatekoa izan dela. Horri dagokionez, oso kontuan hartzekoa da, gainera, NUPek, historikoki, beti astindu izan duela kopuruaren eta masa kritikoaren argudioa —argudio ekonomikoa, azken batez— , eskaintza ez zabaltzeko aitzakia moduan. Eta masa kritikoa dagoenean ere ez? Zazpi urtetan? Orduan?
Horregatik, eta ikusirik Carlosena errektore berriak emandako lehen urratsek orain arteko bidetik segitzeko asmoa duela adierazten dutela kontuan hartuta, NUPen Euskararen aldeko Plan Estrategiko baten beharra aldarrikatzen dugu. Unibertsitatearen bizitzaren arlo guztiak aintzat hartuko dituena, ez bakarrik akademikoa; arlo akademikoan plangintza eraginkorrak eta arrazoizkoak egingo dituena; eta unibertsitate barruko zenbait sektore euskaltzale baztertuko ez dituena.
Mikel Sagues Garcia, Martin Ibarra Murillo, Paula Garcia Garcia, Sara Garmendia Olano, Xabier Huarte Estanga, Jon Alonso Fourcade - NUPeko irakasle, ikasle eta adiministrazioko langileak
(www.ikasleabertzaleak.org bidez)
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean