"Geure harremanetan zein ezagutu berri ditugunekin, vascoak izatetik euskaldunak izatera pasatzea. Norbere ohiturak aldatu inguruan ere eragiteko. Norberaren ardurari helduta Bilbo euskaldunerantz egiteko"
Udarekin batera jaiak ere heldu dira. Egia esanda, badaramatzagu hilabete batzuk, Deustutik hasita hainbat auzoko jaiak gozatu baitugu, zerrendatzea luze joko lukeena.
Jai herrikoiak eta euskaldunak topatuko ditugu eta honek duen balioa azpimarratu nahi dugu. Eredu komertzial, desideologizatu eta erdalduna gaindituz, euskal herritarrok bestelako eredua eraiki dugu. Eta eredu horri eutsiko diogu, oztopoak oztopo.
Bestelako eredu horretan jai euskaldunen aldarrikapena ere badago. Euskaldunok Bilboko egunerokotasunean baino erraztasun handiagoak ditugu jai esparruan; giro euskaldunagoa (nahiz eta batzuetan ez izan erabat asetzeko modukoa) topatuko baitugu bertan. Baditugu, gainera, euskara hutsean bizi diren konpartsak eta taldeak eta hauek ezinbestekoak dira giro euskaldun honi eusteko.
Urte osoan, euskararen aldeko mezu eta leloak zabaltzen aritu gara. Inork gutxik esango du ez dagoela mezu hauekin ados. Baina lelo politak erabiltzeaz gain koherenteak izateko garaia ere bada.
“Euskaraz Bizi!” diogu eta, lelotik harago, jakin badakigu Bilboko testuinguruan (norberaren inguruaren arabera ere) ez dela erraza urratsa egitea. Baina argi dugu Bilbo euskalduna lortuko badugu ezinbestekoa dugula oztopoen gainetik euskaraz bizitzeko hautua egitea.
Jai herrikoietan euskaldunok aldeko giroa topatuko dugu eta, giro horretan, aitzakiarik ez dago erronkari heldu eta euskarari eusteko. Geure harremanetan zein ezagutu berri ditugunekin, vascoak izatetik euskaldunak izatera pasatzea. Norbere ohiturak aldatu inguruan ere eragiteko. Norberaren ardurari helduta Bilbo euskaldunerantz egiteko.
Uda honetan ere, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasa gaitezen!
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean