• 16
    MAR
    Baten kontra egiten badute, denon kontra ari direlako

    "Nahiz eta Estatuak errepresioa bortizki erabili, guk gure antolakuntzan eta gure helburuetan aurrera egiten jarraituko dugu. Gure herrian konfiantza dugulako, eta ez delako egongo tankerik, gure harrien euria geldituko duenik. Gure nahi, behar eta interesek udaberria loretuko dutelako beti"

    Pasa den otsailaren 14an, auziperatuekin batera aurre egin beharko dioten epaiketaren gaineko
    irakurketa egin zuen publiko Askapenak. Beste behin ere, Estatu Espainolak, bere ilegalizazioa
    bilatuz, herri mugimenduko eragile bat jarri du bere jo puntuan eta beste modu batera izan ezin den
    bezala, erasotuta sentitu gara.

    Kasu honetan, Askapena erakunde internazionalista, baina berarekin batera, Askapeña Bilboko
    Konpartsa, Herriak Aske elkartea eta merkataritza justuko Elkartruke enpresa ilegalizatu nahi
    dituzte. Ez da lehen aldia Estatuak egunkariak, herri mugimenduko eragileak, fundazioak... itxi nahi
    izan dituena. Oso ezagun dugu eta mina ematen digun arren, ez gaitu harritzen.

    Denbora asko da Euskal Herrian ezohiko egoera bat bizi dugula. Estatuko egitura protofaxistek
    deskantsurik gabe jarraitzen dute konfrontazio iraunkorrean geureganatu ditugun gure herriko
    antolakuntza eta borroka gaitasunak eteten saiatzen. Zentzu honetan, Estatuak garbi dauka zein
    paper jokatu duten herri mugimenduko antolakundeek herri honen auto-antolakuntzan. Horregatik
    moztu nahi dute auto-antolakuntzaren garapena posible egin duen herri honen balio historikoarekin.

    Hala ere, Estatua ez da konturatzen baina, konturatzen bada, dinamika honek bukaera agonikoa
    duela jakingo du. Badira urteak euskal herritarren pentsamenduan “dena ETA da” egitura
    diskurtsiboa ez dela onartzen. Modu berean, Estatua bere jardun errepresiboa ulertuko ez duten
    sektoreetara iristen ari da. Guk herritik eta herriarentzat lan egiten dugu, eta gure autonomia
    mantentzen dugu gure interesak defendatu ahal izateko.

    Estatuaren estrategia errepresiboa, pixkanaka erortzen ari den “zuzenbide estatu” batean inork
    espero ez zituen parametro batzuetara heldu da. Zentzu horretan, arma guztiak erabiltzen ditu
    egoera honi buelta eman ahal dieten indarren kontra. Gu, auto-antolakuntzaren bitartez, espazio
    libreak sortuz, kontrabotereak eraikiz, inperio horren erorketa azkartzen ari gara, eta gure rolaz
    konbentzituta gaude modu berean. Baina ez soilik modu suntsitzailean, baizik eta gure herriko
    langile nahiz herri sektoreek behar duten Euskal Herria eraikiko dugun aktore bezala.

    Urteak dira konpromiso hau hartu genuela. Euskal Herria dugu ortzemuga, eta bakoitza bere
    esparruan, norabide horretan jarraitzeko konpromisoan berresten gara. Euskal Herria feminista
    eraikiz, eraldaketa soziala bururaino eramanez, amalurra defendatuz, memoria historikoa eginez,
    Euskal Herria euskaldunduz, hezkuntza herritarren mesedetara jarriz... eta nola ez, Euskal Herria
    internazionalista eraikiz.

    Horrela, nahiz eta Estatuak errepresioa bortizki erabili, guk gure antolakuntzan eta gure helburuetan
    aurrera egiten jarraituko dugu. Gure herrian konfiantza dugulako, eta ez delako egongo tankerik,
    gure harrien euria geldituko duenik. Gure nahi, behar eta interesek udaberria loretuko dutelako beti.
    Bukatzeko, gure elkartasunik beroena eskaini nahi genieke, hala auziperatu internazionalistei, nola
    Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkartrukeko lagun eta militanteei. Baten kontra egiten
    badute, denon kontra ari direlako.

    Saioa Iraola (Bilgune Feminista), Iñigo Leza (Fracking Ez!), Leire Azkargorta (Ikasle
    Abertzaleak), Nestor Esteban (Euskal Herrian Euskaraz), Patrizia Muñoz (Elkartzen),
    Martxelo Alvarez (Ahaztuak 1936-1977), Amaia Nicolas (Sare Antifaxista)

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.