"Mezu bera euskara babesten duen edo beharko lukeen erakundetik egina denean eta dagozkion funtzioak sistematikoki saihesten dituenean, gustu txarreko broma bihurtzen da. Eta txipa aldatuko bagenu-ren mezua oso ona da. Mezularia, momentuz, ez da legitimoa"
Eusko Jaurlaritzak abian jarri berri du Eta txipa aldatuko bagenu kanpaina soziolinguistikoa. Edukia bera interesgarria da. Euskara erabiltzeko aholku zerrenda bat, aktore prestuek eta talde audiobisual onek primeran eszenifikatutako adibideetatik atereak. Profesionaltasuna antzematen da, eta eskertzen da.
Baina ez dut gorentasun zinematografikoaz hitz egin nahi, nahiz eta baduen horrek ere bere garrantzia.
Alde batetik, esan behar da kanpaina hau Loramendi elkartearen bideoen (prozaka.eus) kopia hobetu bat dela. Bideo horiek badira bi urte baino gehiago youtuben dabiltzala, eta oso erabiliak izan dira orain dela denbora dezentetik Euskal Herrian zehar egiten diren hizkuntza asertibitateko tailerren (TELP: Taller d'espai lingistic personal. www.telptailerrak.com) irakaskuntzan. Bertan, eguneroko bizitzan egiten ditugun hizkuntzaren erabilera arraroak eszenifikatzen dira, nolatan beharrik gabe gaztelaniara lerratzeko araua praktikatzen dugun eta seme-alabak hezi nahi ditugunean nola predikatzen dugun, eredua eman gabe.
Loramendi elkartearen bideoek duten izaera amateurra izan arren, mezua zuzenagoa da, batez ere arrazoi sinple batengatik: erreala eta sinesgarria da.
Mezu bera euskara babesten duen edo beharko lukeen erakundetik egina denean (erakunde bakarra berau, Minessotan edo Sydneyn ez dira hortaz arduratzen) eta dagozkion funtzioak sistematikoki saihesten dituenean, gustu txarreko broma bihurtzen da. Eta txipa aldatuko bagenu-ren mezua oso ona da. Mezularia, momentuz, ez da legitimoa.
Hamarkadak dira, 80ko hamarkadaren erdi aldera izan baitzen, Kataluniako Generalitateak «que aquà es parle català depen de tu» zoritxarreko kanpaina hura antolatu zuela. Kanpainaren eta ideiaren mezua hiztun minorizatua aldaketa egitera animatzea baldin bazen ere, ondorioz inguruan zuen hizkuntza errealitatea aldatzeko helburuarekin, hartzaileak jasotzen zuen ideia kontrakoa ere bazen: «Hemen katalana hitz egiten ez bada, zure errua da». Kanpaina horren eta orain Jaurlaritzak sustatu duenaren arteko faktore komunak osagai maltzur bat du: hizkuntzaren egoera politikoaren eta historikoren testuingurutik kanpo dagoen mezua da.
Zoritxarrez, oinarrizko aspektu hauek saihesten baldin baditugu, euskararen eta katalanaren egoera soziolinguistikoaren ardura soilik hiztunaren bizkar geratzen da. Arazoa da, pertsona edo talde batek bidegabea den egoera bat bere egiten duenean, edo arduradun sentitzen denean, eta pentsatzen duenean aldatzeko ahalegina eginda (txiparekin edo gabe), ez duela lortzen, etsipenean erortzen dela. Eta egoera psikologiko horrek, denboran zehar mantenduz gero, motibazio gabezia, memoria akatsak, autoestimu baxua eta arazoak konpontzeko gaitasun eskasa ondorioztatzen ditu: azken batean, depresioa.
Eusko Jaurlaritzak hiztuna bere osotasunean defendatzen duenean (eta beharrezkoa da defentsa, atakea etengabea baita), bere hizkuntzan bizitzeko bere eskubidea erabili nahi duen herritar moduan, orduan, gure inkoherentziak, tikak, ohitura linguistikoak eta abarrak konpontzen laguntzeko kanpainak ongi etorriak eta txaloz jasoak izango dira. Beharrezkoak ditugu, benetan.
Baina herritar batek larrialdietako telefono batera 3 aldiz deitu eta beharrezko zerbitzu bat jasotzen ez duen bitartean, hitz egiten duen hizkuntza norberarena delako, eta ez gaztelania, orduan, etxea teilatutik egiten hasi gara.
Gemma Sanguinés, psikologoa
(Katalanetik itzulia: Iñaki Arruti)
(berria.eus bidez)
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean