• 26
    IRAI

    Hainbat Argiazale hurreratu ziren Usurbilera. Egun borobila izan zen.

    Argia eguna ospatu zen larunbatean
    argia.com bidez

    Argia Eguna, duela hainbat urte egin ohi zuten festa berreskuratu zuten atzo Usurbilen (Gipuzkoa) Argia astekariko langileek, irakurleekin harremanak estutzeko xedez. Eta, lehenik eta behin, esker oneko keinua egin zioten komunitate horren parte diren Usurbilgo Argia lagunen taldeari.

    Komunitatearen parte direnei eskerrak eman ostean, Argia ezaugarritzen duten balioetan oinarritutako egitarauaz gozatzeko parada izan zuten. Goizean herria ezagutu, eskulanak egin eta buztin eta konpostarekin batera zuhaitzen haziak erein zituzten. Ondoren, Argiazaleen topaketa ospatu zuten, zeina langile, kolaboratzaile eta irakurleek iritziak partekatzeko baliatu zuten.

    Behin gosea eginda, garaiko eta Euskal Herriko produktuekin osatutako menua dastatu zuten bazkaritara gerturatutako 180 lagunek. Argia-ren logoak izan duen bilakaera hizpide,  Asisko Urmeneta eta Kike Amonarrizen umoreak girotu zuen bazkalostea.

    Indarrak berreskuratu aitzin, edozein erronkari aurre egiteko prest ziren bertaratutako lagunak. Antolatzaileek lehian jarri zituzten, Nortasun Agiri Arrotzak nork urrutirago botako. 29,6 metrotara bota zuen garaileak. Eguna borobiltzeko, bertsolariak eta kontzertua. Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Sustrai Colina, Eñaut Elorrieta eta Behi Bi Blus izan ziren, besteak beste, oholtzan.

    Argia eta beste hainbat hedabide euskalduni esker, herri honek beren beregiko argiz egiten du munduan distira. Inor itsutzeko pretentsiorik gabe, baina inork itzal ez gaitzan espaloian tinko. Euskaratik eta euskaraz, segi gure komunitate argitzen!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.