• 09
    UZT
    UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) dauden herrietako udalek euskara hutsez lan egiteko hainbat oztopo dituztela salatu dute UEMA eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, prentsa agerraldi bitartez. Eragile euskaltzaleetako buru Jon Bollar eta Paul Bilbaok aditzera eman dutenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan legez dago onartuta administrazioen arteko harremanetan euskara hutsez aritzea, baina zailtasunak daudela salatu dute, bai Jaurlaritzarekin, bai Foru Aldundiarekin bai Espainiako Administrazioarekin. Uemako lehendakari Jon Bollarrek adierazi duenez, "herritar gehien-gehienen eskubideak urratzen dira".

     

    {mosimage}

     

     

    Berria egunkaritik hartutako albistea:

    " Behatokia: «Oztopoak jartzen zaizkie euskaraz lan egin nahi duten udalei»

    Uemako herritarren kexak osasun, epaitegi, merkataritza eta administrazio eremukoak izan dira

    Saioa Iraola.

    Donostia

    Uemako herrietako udalek euskara hutsez lan egiteko oztopo ugari dituztela salatu dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Eusko Autonomia Erkidegoan legez onartuta dago administrazioen arteko harremanetan euskara hutsez aritzea, baina zailtasunak daudela salatu dute, bai Jaurlaritzarekin, bai Foru Aldundiarekin bai Espainiako Administrazioarekin. Uemako lehendakari Jon Bollarrek adierazi duenez, «herritar gehien-gehienen eskubideak urratzen dira».

    Bi erakundeek berretsi dute euren arteko hitzarmena eta hizkuntza eskubideak urratu direla eta beharrezkotzat jo dutela elkarrekin lanean jarraitzea.

    Hitzarmena 2008ko maiatzean jarri zuten martxan, eta hiru helburu nagusi ditu: hizkuntza eskubideen urratzeak hautematea, salatzea eta konponbideak aurkitzea. Hizkuntza eskubideen aldeko defentsan azaldu dute herritarren salaketak biltzeko 43 posta kutxa jarri dituztela zenbait herritan, eta irailerako beste hemeretzi jarriko dituztela iragarri dute. Ehundik gora kexa jaso dituzte lau esparrutan: osasungintzan, bake epaitegietan, administrazioen arteko harremanetan eta merkataritzan.

    Osasungintzari dagokionez, gogorarazi du 2008ko Osakidetzaren deialdi publikoan herri euskaldunetan langile gaztelaniadun elebakarrak sartu zituztela eta, ondorioz, Uemako hogei udalek mozioa onartu zutela. Gainera, Jaurlaritzak herri euskaldunetan osasun zerbitzua euskaraz emateko azaldu duen konpromiso eza salatu du Bollarrek.

    Bestalde, bake epaitegi batzuetan euskarazko inprimaki eta langilerik ez dagoela jakinarazi du.

    Horrez gain, administrazioen arteko harremanetan Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak esan duenez, 60 espediente inguru bideratu dituzte, eta «horietatik gehien-gehienak euskaraz lan egiteko eskubideen urratzeen ingurukoak izan dira, oztopoak jartzen zaizkie euskaraz lan egin nahi duten udalei» .

    Azkenik, bildu dituzten kexa asko merkataritza guneetan kontsumitzaileek bidalitakoak izan dira. Hala nola gaztelania hutsez jasotako propaganda agiriak, gaztelania hutsezko errotuluak, ahozko komunikazioa euskaraz egiteko aukera ukatzea eta erreklamazio orriak gaztelania hutsez egoteaz kexatu dira. Nafarroako egoera are eta okerragoa dela gaineratu du, han euskaraz jarduten duten kontsumitzaileak inongo babesik ez dutela gaineratu du. Bollarren esanetan, «askotan ematen du euskaldun eta erosle artean aukeratu behar dugula».

    Egunero hizkuntza eskubideak urratzen direla eta, herritarrei aktibatzeko eta urratzeei irmotasunez erantzuteko dei egin die Bilbaok."

    {mosimage}