Bostehun herritarretik gorak egin dute jada eskaera. Herritarren eskaerei jaramon egin diezaien galdegin diote udalari.
“Udalak eta biok, euskaraz” dinamikaren baitan, Durangoko EHEko kideak aste honetan berriro ere udaletxera joan dira herritarren eskaerak tramitatzera.
Azaldu dutenez, azken hilabeteetan Durangoko hainbat elkarte, eragile eta norbanakorekin bildu dira “dinamika hau azaltzeko, indartzeko eta atxikimendua lortzeko asmotan”. Udalean sartutako bostehundik gora eskaera dira lan horren fruituetako bat.
“Udalarekin harreman oro euskaraz izatea eta zehazki udalaren ardurapean dauden espazio ezberdinetan arreta euskaraz bermatzea” da eskaera. Espazio horiek, besteak beste, kiroldegia, zahar etxea, pinondo etxea edota musika eskola dira.
Salatu dutenez, “iaz tramitatutako eskaeren aurrean Durangoko Udalaren erantzuna eta jarrera ez zen bat ere arduratsua izan”. Datozen lau urteetan “erantzukizunez jokatzea, eskaeretako nahia entzun eta herritarron hizkuntza eskubideak bermatzeko erabakiak hartzea” espero dute.
Dinamika honetan parte hartu duten herritar, elkarte eta eragile guztiei eskerrak eman ondoren, oraindik inplikatu ez diren eragileei “denon artean Durango euskaldunago bat eraikitzeko” deia egin diete.
|
Euskaraz bizi sarean