• 29
    ABE

    Herriko Etxeari eskua luzatu izanagatik ukazioa jasan dutela salatu du Urruñako EHEk.

    Olentzerok frantsesezko seinaleak itzuli dizkio Urruñako herriko etxeari. "Herriko Etxeak eta biok euskaraz" dinamikaren baitan, udalaren jarrera baztertzailea salatu du Urruñako EHEk.

    Salatu dutenez, "euskararen herrian bizi gira, bainan euskarak erasoak besterik ez ditu jasaten". Urteetan zehar, "estatu desberdinek beraien hizkuntzak inposatu dizkigute, gurea ezabatzeko asmoz". Horretarako "hizkuntza politika ankerrak erabili dituzte". Herritarren kemenari esker, baina, "euskara aurrera doa".

    Inposaketa horiei aurre egiteko, urruñarrek bat egin zuten Euskal Herri mailan abian jarritako "Herriko Etxeak eta biok, euskaraz" dinamikarekin. Leloak dioen eran, herritarren aktibazioari esker Herriko Etxe eta herritarren arteko harremana euskaraz izatea da helburua. Oinarri horren gain, dinamika tokian tokiko errealitate soziolinguistikora egokitu da. Urruñan, kasu, "Urruñan bizi euskaraz!" dinamika jarri zuten abian, Urruñan bizi udal aldizkarian euskarak behar bezalako presentzia izan dezan.

    Aldarria egia bihur zedin, izenpedura bilketa abiatu zuten. 170 sostengu bildu zituzten eta eskari horiek bideratzeko Herriko Etxeko Germaine Hacalarekin bildu zinen ekainaren 5ean. Xedea argia zen: "Urruñan bizi euskaraz izateko konpromisoa eskatu eta Urruñan euskarak jasaiten duen egoera hobetzeko konponbideak atxematea".

    Bilkura ez zen arrakastatsua izan. Horren isla, herritarren eskaerak betetzeari muzin egin eta Urruñako EHErekin harremanak etetea erabaki zuen udalak. "Herriko etxeari eskua luzatu diogu eta ordainetan ukazioa besterik ez dugu jaso", salatu du eragile euskaltzaleak.

    Horregatik, Olentzero kari, eta herritarren laguntzaz, frantses hutsean ziren seinaleak kendu eta herriko etxeari itzuli dizkiote. Era horretan, "bere eremu administratibo osoan euskara errespetarazi eta errespeta dezan" galdegin diote Herriko Etxeari. Ez daude "Urruñan euskarak jasaiten duen zapalkuntza" onartzeko prest. Euskararen Herrian euskaraz bizi nahi dute.

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.