• 27
    AZA
    Uztaritzeko Herriko Etxeak UztaHitzan ekimena antolatu du
    Uztaritzeko Herriko Etxea (WIKIMEDIA COMMONS)
    Auzitegi arrotzek zer esango dutenaren zain egoteke, hautu burujabea egin du Uztaritzeko Herriko Etxeak.
    Prefetaren salaketak ez du Uztaritzeko Herriko Etxearen jarduna gelditu. Bozetan hitz emandako hizkuntza politikaren ezarpena atalka eginen dute eta lehen zatia gaur bozkatuko da herri kontseiluan. Euskararen erabilera sustatzeko bide horretan, UztaHitza ekimena antolatu dute. Uztaritzeko Herriko Etxean boterean den udal taldeak hauteskunde programan hitzeman bezala, euskara ofizial izendatu zuen ekainean. Prefetak, delibero hori forman ezegokia zela ebatzita, uztailean epaitegira eraman zuen eta abuztuan espero zitekeen ebazpena eman zuen; hau da, Errepublikako hizkuntza frantsesa den Estatuaren baitan delibero hori ez zela legezkoa. Gerora Gobernuaren ordezkariak edukiari buruzko epaiketa ere eskatu du. Horren inguruan Herriko Etxeak bere argudioak aurkeztu behar zituen azaroaren 3rako, eta orain epaiketaren dataren zain dira. Hala ere, deliberoaren gainean "sorpresa handirik ez dugu espero", baieztatu du If Matxikote Euskara zinegotziak. Prozedura honek aitzina segitzen duen bitartean, herrian euskararen aldeko politika garatzen segitzen dutela nabarmendu du. "Hizkuntza politika eraginkor baten lehen urratsa eskubideak aitortzea da, eta bigarrena eskubideen bermerako arloz arloko erabakiak gauzatzea". Zentzu horretan, lehen erabakiak aste honetan bozkatuko dira udalbatzan. Lehen bozka honetan arlo sozialari lotuko zaizkio: "Datozen hilabeteetan multzoka arlo ezberdinei ekingo diogu, herritarrengana hobeki ailegatzeko". Herritarrei dagokienez, "ez da harridurarik izan, hauteskundeetan erran genuena egiten ari gara. Ongi pasatzen ari da; beldur zirenak praktikan denentzat onuragarria dela ikusi dute". "Bai Euskarari labelari babesa emanen diogu eta aldi berean bat eginen dugu horrekin", azaldu du If Matxikote Uztaritzeko Euskara zinegotziak. Udalak ziurtagiria hartuko du eta jendeari gomita eginen diote bat egin dezan. "Zazpi hilabete pasa dira agintera ailegatu ginenetik eta UztaHitza antolatu dugu biztanleria sentsibilizatzeko eta elkarte batzuk euskararen alde inplikatzeko", erran du. Larunbatera arte iraunen duen ekimen honen bitartez euskararen promozioa egin nahi izan dute Herriko Etxetik, eta bereziki "eskubideak bermatu". Gure hizkuntzaren erabilpena sustatzearekin batera Uztaritze eta Tolosaren arteko senidetzea sendotuko dute jardunaldi horien bitartez.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.