Berastegiko Udalak Ueman sartzeko martxoan egindako hautua "legez kanpokoa" dela uste du. UEMAk "erasoak" jasaten udal ugari ari dela salatu du.
Carlos Urquijoren esku hartzeek ez dute etenik. Iaz dozenaka udal zein euskal erakunde esanguratsuren kontra jo ondoren, aurtengo ikasturteari ere bide beretik ekin dio Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen ordezkariak. Oraingoan Berastegiko udalari ezarri dio helegitea. Hori salatzeko, herriko alkateak eta UEMAko hainbat kidek agerraldia egin zuten atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean.
Haritz Mujika Berastegiko alkateak azaldu zuenez, UEMAn sartzeko erabakia "legez kontrakoa" izan daitekeelakoan ezarri diete helegitea. Udalak martxoaren 31n hartu zuen UEMAn sartzeko erabakia, eta maiatzaren 30ean jaso zuen Urquijoren lehendabiziko errekerimendua. Horren aurka egin zuen udalak, eta ondotik etorri zen helegitea.
Ez dute kanpo esku hartzerik onartuko: "Urquijo ez da nor Berastegiko Udaleko osoko bilkuraren gainetik ipintzeko". Horrez gain, hautu burujabea eginez, UEMAren parte izateko erabakia berretsi zuten: "Ez dugu atzera egingo. Estatuaren abokatuak epaitegira eraman gaitu, eta epaitegian defendatuko dugu hartutako erabakia. Berastegiko Udala Uemako kide da, eta hala izango da aurrerantzean ere".
UEMAko lehendakariak, bestalde, azaldu zuen Urquijok euskara sustatzeko erabaki ugari jarri dituela "ezbaian" urte hauetan. Belastegiren hitzetan, "hainbat udalek jaso dituzte Urquijoren errekerimenduak, baita helegiteak ere". Euskararen normalizaziorako urratsak gelditu nahi izana salatu du: "Giroa nahasi, korapilatu, eta euskara normalizatu nahi dugunon jarduna konplikatu du". Horren aurka, euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzeko "adostasun zabala eta konpromiso zehatzak" behar direla adierazi du.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean