"Euskalduna naiz eta arraro nago" bakarrizketa saio dezente eskainiko dituzte Barry Barrezek eta Baltziskuetak abenduan zehar. Nafarroan, Gipuzkoan, Lapurdin eta Bizkaian izanen dira emanaldiak.
Lanez lepo dabiltza azken aldian Barry Barrez eta Baltziskueta. Abenduan "Euskalduna naiz eta arraro nago" bakarrizketa saioak Euskal Herriko hainbat herritan izanen dira ikusgai. Emanaldietan Euskaraz Bizitzearen esperientzia kontatzen dute bi umoregileek, euskaldun izatearen eta euskaldun jokatzearen ondorioak azaleratuz. Saioa ikusteko aukera anitz dituzte euskaltzaleek.
Abenduko emanaldiak hainbat lurraldetan izanen dira. Gipuzkoan abenduaren 1, 2 eta 5ean egongo dira. Añorgan (Donostia) lehenbizi, Donostiko Arrano elkartean gero eta azkenik Soraluzen. Lapurdin abenduaren 7an izanen dira, Senperen, eta Bizkaian abenduaren 15ean Gorlizen. Gainontzeko emanaldiak Nafarroa Garaian izanen dira. Abenduaren 3an Uztegin (Araitz), 12an Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, 18an Berriozarren, 23an Etxarri-Aranatzen eta azkenik 29an Lekunberrin.
Azaroan ere toki dezentetan ibili dira euskaltzaleen irriaren bila. Erronkarin, Lesakan, Garesen (Nafarroa), Algortan (Bizkaia) eta Donostian, hain zuzen. Zure herrian oraino saiorik eskaini ez bada, ehe@euskalherrianeuskaraz.org edo bakarrizketa@gmail.com helbideen bitartez egin dezakezu kontratazioa.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean