• 02
    UZT
    Euskararen telefonoa, itxaropenaren telefonoa
    GarbiƱe Petriati

    GARBIÑE PETRIATI. Behatokiko zuzendaria

    "Euskararen telefonoa, batetik, bide interesgarria da hizkuntza-eskubideen eremuan urraketa larrienak non gertatzen diren ikusteko, eta bestetik, kasu konkretuei irtenbidea emateko saiakera egiten du Behatokiak"

    Aurkeztu berri du Hizkuntza  Eskubideen Behatokiak 2011 urteari dagokion txostena.  11. dagoeneko. Txosten hori egiteko Euskararen telefonoa zerbitzuaren erabiltzaileek helarazitako informazioan, euskaldunen bizipenetan, oinarritzen da Behatokia eta informazio horretan oinarriturik hizkuntza-eskubideen gaineko diagnosia egiten du.

    Urteko txostenaren bidez Behatokiak hizkuntzaren normalizazio-prozesuari ekarpena egin nahi dio. Horrela, egoeraren argazkia prestatu eta administrazioen, euskalgintzako eragileen eta gizartearen esku uzten du; bertan islatutako egoerari konponbidea ematen saia daitezen.

    Hartara, Euskararen telefonoa, batetik, bide interesgarria da hizkuntza-eskubideen eremuan urraketa larrienak non gertatzen diren ikusteko eta lehentasunezko eremuak zein izan daitezkeen erabakitzen laguntzeko. Baina, bestetik, kasu eta bizipen zehatzak jasotzen direnez, kasu konkretu horiei irtenbidea emateko saiakera egiten du Behatokiak.  Herritarrak determinazioz jokatu eta Euskararen telefonora jotzen duenean, Behatokiak ahal duen guztia eginten du urraketa egoera gainditzeko.

    Horrela, Bilboko NAN bulegoan txanda emateko papertxoa euskaraz jasotzea, Fagor galdararen mantentze-kontratua euskaraz sinatzea, Nafarroako Gobernuaren webgunean elkarte baten zuzendaritza edo estatutuak berritzeko inprimakia euskaraz bideratzea, Nafarroako mendialdeko bide-karteletan  Bera eta Irun herrien izendapen ofiziala errespetaraztea, haurrak euskaraz erregistratu ahal izatea,  Gipuzkoako Trafiko Buruzagitzaren erantzungailua euskaraz aditzea, Euskaltel-Euskadi taldearen twitter mezuetan euskarak presentzia izatea… dira urraketa pairatu duten herritarrek determinazioz jokatzearen emaitzak.  Euskararen telefonora jotzeko konpromisoa hartu duen herritarrak, Behatokia bidelagun,  egindako ahaleginaren fruitua. Izan ere, kexa jarriz, emaitzak lortzen dira eta eragin egiten da.  Horietako bakoitza eragite ekintza bat da.

    Administrazioan, osasun zerbitzuetan, justizian, lan munduan, hezkuntzan, komunikabideetan, hizkuntza paisaian...euskara baztertzen segitzen da. Agerikoa da egungo hizkuntza politika ez dela nahikoa euskal hiztunen eskubideak bermatzeko. Euskaldunoi zor zaizkigun eskubideak gureganatu behar ditugu.  Bide horretan eragiteko eta egoera iraultzeko modu bat da Euskararen telefonora jotzea. Akuilatzaileak izan behar dugu. Bisibilizatu egin behar da euskaldunon egoera. Argi dago, isilik egonda ez dela ezer lortzen.  Euskaldunok bizitza publikoan zein pribatuan euskara erabiltzeko eskubidea dugu, eta ezin gara horregatik diskriminatuak izan.

    Hizkuntza-eskubideak ezinbestekoak dira, funtsezkoak dira, giza talde berezitu gisa iraun eta bizi ahal izateko. Euskara, Euskal Herriko bertako hizkuntza bada ere, ez du bere lur eremu historiko osoan administrazioen babesa. Zoritxarrez, makina bat aldiz, zerbitzu publiko zein pribatuetan euskara arrotza da.

    Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean jarrera irmoa izan behar dugu euskaldunok. Nahikoa dela esateko garaia iritsi zaigu, ezin onar dezakegu gure hizkuntzan, geure lurraldeko berezko hizkuntzan, bizitzeko eskubidea baliatu nahi dugunok oztopoak besterik ez izatea. Horri aurre egiteko tresna da Euskararen telefonoa. Herritarrek bidegabekeria ororen aurrean badu hizkuntza-eskubideak errespetarazteko, neurri jakinak exijitzeko, konponbidea bilatzeko eta indar egiteko modua: Euskararen telefonoa.

    Iruzkinak

    • Irune (2012-07-15 21:12:16)
      Ongi legoke telefono zenbakia jartzea, horrela behin haren berri izanda erabiltzeko aukera izanen genuke
    • Euskal Herrian Euskaraz (2012-07-24 12:09:09)
      Euskararen telefonoa webgune honetan aurki dezakezue, eskuineko zutabean: 902 194 332. Bestalde, Interneten ere aurkituko duzue www.euskararentelefonoa.com webgunean.

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.