• 30
    API

     

    Zer garen galderari «euskaldunak gara» erantzutea ohikoa da gurean. Horrenbeste kantatu eta dantzatu dugun kantuan bezala, «zer gara gu, nor gara gu? Euskaldunak gara gu...» erantzungo diogu galderari. «Herri bat, nazio bat gara» ere, erantzungo diogu galderari. 

    Eta hala da, Euskal Herria osatzen dugu, osatu nahi dugu guztiok. Berezko izaera duen herria berreraiki nahi dugu, berreraikitzen gabiltza. Euskal Herria, euskararen jendartearen herria, euskal komunitatearen nazioa. Hizkuntzak eman diolako izena eta izana gure herriari, nahi dugu askatu Herri Euskalduna, Herri Euskalduna askatu behar dugu, euskal jendartea askatu behar dugu. 

    Hori delako eta izango delako gure lurraldea, euskaraz bizi den, euskaraz biziko den herria, euskal hiztunok egingo dugun aberria. Baina asimilazioaren bitartez, gure hizkuntza eta nazioari uko egitera behartu nahi gaituztelako mendeetan zehar. Horregatik behar dugu izan burujabe, asimilazio prozesuari aurre egiteko. 

    Zentzu horretan kokatu behar dugu independentziarako bidea ezinbestez. Herri egiten gaituenari, Euskal Herria egiten duen hizkuntzari eman behar diogu lehentasuna herria askatzeko prozesu osoan. Euskarari lehentasuna emanez eraikiko dugu euskal nazioa, lehentasuna maila juridiko-politikoan eta, nola ez, maila sozialean ere. Baina herri bat bagara, herri moduan dagozkigun eskubide eta tresna guztiak geureganatu behar ditugu, bidea guk egin ahal izateko, honi guztiari bide emango dion hizkuntza-politika burujabea garatu ahal izateko behar dugu burujabetza. 

    Eta, horretarako, gutako bakoitzak, hiztun bakoitzak ere, asimilazioa gainditu, eta burujabe izanez, euskarari lehentasuna emanez, euskaraz bizitzeko hautua egin behar du, egin eta eragiteko, autodeterminazio osoz. 

    Beraz, bidea ez da hasten independentziarekin, eta ez da independentzia egunarekin batera amaituko ere. Baina independentziarik gabe, burujabetzarik gabe, nekez berregituratuko dugu Herri Euskalduna; eta aldi berean, herri independente horrek argi beharko du izan Herri Euskalduna dela jomuga.