• 30
    API

     

    Laurehun urte igaro dira sorginen aurkako Inkisiziotik, deabruaren hizkuntzan hitz egiten zutenen aurkakoen prozesutik. Laurehun urte joan dira debekatutako hizkuntza, kultura eta ohitura ezezagunak zituztenak sutan errez, Gaztela batu eta bakarra eraiki nahi zuten garaitik. 

     


    Orain, lau mende geroago, inposizioak hartu dio lekukoa Inkisizioari, eta hezkuntza-politikak sugarrari. Martxoaren 3an, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak hizkuntz ereduen sistema gaindituko duen Hezkuntza Marko Hirueleduna aurkeztu zuen; ibilbidearen lehen urratsaren berri eman zuen Gasteizko Legebiltzarrean. Orain arteko hizkuntza ereduen sistemak ez du ikasle guztien euskara ezagutzeko eskubidea bermatu, eta orain egindako proposamenak herri euskaldunera urratsak egin beharrean, atzerapausoak ekarriko ditu kontrako bidean. Nafarroa Garaian bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, ingelesari eta gaztelerari tokia eginez, herri euskalduna bera ukatu nahi digute. 

    Guk, aldiz, badakigu, herri euskaldunaren menpekotasuna gainditzeko, guk egin dezakegun hautuaz gain, hezkuntza-sistemak ere euskarari lehentasuna emanez, berau ezagutzeko eskubidea bermatu behar duela. Eta horretarako herriaren nahia erakustea beharrezkoa denez, euskal sorginen edabea edan eta gaur, larunbata, Bilboko kaleak sorgintzeaz gain, herri eta ikastetxe guztiak eredu bakar eta euskaldunaren alde sorgindu behar ditugu. 

    Euskal Herriak bere hezkuntza!

     

    IGONE LAMARAIN.

    EHEko kidea.