• 30
    API

     

    Otsailaren 18an eta 19an, Donostian bildu zen Hizkuntza Aniztasunaren Hedapenerako Sare Europarra, Jose Ramon Etxezarreta HPSko buruak eta Jaurlaritzak antolatuta. Astebete beranduago Donostia Europako hiriburu kulturala izateko hautagaitza aurkeztera joan ziren Etxezarreta eta beste. Badirudi Europako kulturaren hiriburu izendatzeko egiten diharduten jardunaren baitan kokatu zituztela batzar itxi horiek, Bruselan Jaurlaritzak duen egoitzan egindako ekimenera hurbildu zirenak ikusita. 

     


    Batzar horietan, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Ramon Etxezarretak beren hizkuntza politikaren bertuteak erakutsi zizkien Europako ordezkariei, eta berdin-berdin Europar Batasuneko Kultura eta Hizkuntzen arduradunekin egoteko Bruselara egindako bidaian. Europako ordezkarien aurrean Donostia eta Gipuzkoaren ustezko elebitasunean indar berezia egina zuen. Diskurtsoetatik harago, ordea, zein da orain arte haien eguneroko praktika? Horretaz jardun ote ziren? 

    Etxezarretaren jardunean, gaur arte behintzat, itxurakeria eta herri euskaldunaren egoera errealaren ukazioa dira nagusi. Hitzen hiria egitasmoaren aurkezpenean ez zituen aipatu euskaraz bizi den herria asimilatzeko bidean PSE-EEk eta PPk erdietsitako akordioaren ondorio politikoak. Ez zuen aipatu, ezta ere, jendarte gipuzkoarrean bezala euskal jendartean elebidunak garen bakarrak euskaldunok garela. Erdaldunak ez dira elebidunak, administrazioak ez dira elebidunak, herritarrok ezin gara euskaraz bizi eta Jaurlaritzak errealitatearekin zerikusirik ez duen elebitasun idiliko bat irudikatzen du. Lurralde bereko bi hizkuntzen bizikidetza liskarren iturri gisa baino gehiago aberastasun gisa ikusi beharra dagoela esan zuen, eta «ondokoarekiko errespetuan oinarritutako hizkuntzarekiko atxikimendua» aldarrikatu behar dugula gehitu. Zeinentzat dira, ordea, horrelako mezuak? Asimilazio prozesuak euskal komunitatea osoki elebidun izatera bideratu du urte luzez. Ondorioz, euskaldunak egin behar izan dio uko bere bizinahiari Etxezarretak oraindik aldarrikatzen duen ondokoarekiko errespetuaren izenean. Beraz, utzi behingoz euskal komunitatea zamatzeari eta eragin erdal komunitateak ondokoarekiko errespetuz bada ere euskara ikas dezan. 

    «Balio linguistikoa argudiotzat erabiltzen duen indarkeria armatua duen lurralde batean» bizi garela ozen aldarrikatu du Etxezarretak. Berak jakingo du zergatik sartzen duen elementu hori eztabaidan, baina ulertzen ote du herri euskalduna dela egunerokoan desarmatua dagoena erdal elebakarren diktadurapean? Ulertzen ote du inguru armatu-armatu baten etengabeko erasoaldian bizi garela egunerokoan euskaraz bizi nahi dugunok? Paradoxikoa irudituko zaio Etxezarretari, baina herri euskalduna da jokabide berriez armatzeko premian dagoena eta erdal komunitatea berriz desarmatze prozesua abian jarri beharrekoa. 

    Jaurlaritza berria kontrako bidea ari da elikatzen, erdal komunitatearen etengabeko armatze prozesua elikatzen dihardu eta. Egunotan onartu du Eusko Legebiltzarrak hezkuntzako hizkuntza nagusia euskara zela zioen dekretua bertan behera geratzeko ebazpena. Matrikulazio datuek euskal jendarteak euskalduntzea bermatzea nahi duela erakusten dute, dudarik gabe (A ereduaren alde %5 baino ez dira agertu). Baina, hala ere, eskubideak zapalduz eta gizartearen benetako nahiari bizkarra emanaz euskaldun eleaniztunak sortzeko helburuari uko egingo dion proposamena jarri nahi dute abian. 

    Bestetik, azken asteotan onartu du Eusko Legebiltzarrak euskarak oposizioetan duen balioa jaisteko ebazpena. Horien artean azpimarratzekoa da Osakidetzan eta Ertzaintzan gertatzen ari dena. Osakidetzako Euskara Plana ez da bete; hango zuzendaritzetako «motibazio eta ekimen faltagatik», ebaluazio txostenak agertzen duen bezala. Osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubiderik ez zaigu bermatzen euskaldunoi; guk ez dugu hizkuntza aukeratzeko eskubiderik. Gainera, profesional euskaldunen areagotzea oztopatzera datoz Jaurlaritzaren neurriak. Berdin-berdina gertatzen da Ertzaintzarekin eta haren euskalduntze planaren porrotarekin. Ertzaintza ez da euskalduna, baina Rodolfo Ares sailburuari ez zaio askorik axola, haren ustez «bikain moldatzen baitzaio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoari». 

    Azken finean, herri euskaldunaren menpekotasun egoera oinarri duen bizikidetza ezarri nahi digu Jaurlaritza berriak (lehengoek disimulatu egiten zuten, hauek hori ere ez). Ez dira kontu berriak herri euskaldunarentzat; urte luzetan bigarren mailan bizitzera kondenatu gaituzte geure lurrean bertan, eta menpekotasun egoera hau normaltasunez bizitzeraino heldu gara. Egoera okerrean egonagatik, bizirik irautea lortu du herri euskaldunak. Baina, beharbada, heldu da ilunpetik, ezkututik irteteko garaia. Gure konplexuak alde batera utzi eta jabetze, armatze prozesu bat abian jartzekoa. Animatzen armairutik ateratzera? 

    Merezi duela diote probatu dutenek.