• 28
    URT
    Elkarbizitzaren izenean, euskarari eraso

    "Hizkuntzan oinarritutako elkarbizitza kezkak dituenak lan egin beharko luke herritar orok bi hizkuntzak ezagutzeko bidea egin dezan. Hezkuntza eredu guztien bidez euskara ikasiko balitz, ez legoke arazorik ikastetxe berean bizi daitezen, baina bitartean euskarari lekua kentzeko beste bide bat da."

    Joan den astean, Nafarroako Parlamentuan onartutako mozioaren berri izan genuen BERRIA egunkarian argitaratutako bi artikuluren bidez: “Mintzairen eskolan ez da lubakirik” eta “Eztabaida faltsua” elkarbizitzari buruz”. Mozioak neurriak har daitezen eskatzen du, hizkuntza eredu desberdinak ikastetxe publikoetan elkarrekin bizi daitezen. Nonbait, batzuen ustez, elkarbizitza sustatzeko, garrantzitsua da hizkuntza ereduaren arabera banatutako hezkuntza ereduak espazio berean egotea.  Nondik sortu da kezka hori? Eskolatik kanpora mundu separatuetan bizi ote dira bada eredu batera eta bestera doazen haurrak? Ez dut gaurdaino halako kezkarik sumatu, baina horren beldur ageri zaigu Nafarroako Ezkerra.

    Hau, argi esanda, euskarari egin zaion beste eraso bat da. Artikuluetako batean, Ezkerrako Marisa de Simonek berak onartzen du euskarari kalte egingo diola: “Aisialdiko momentuetan beti irabaziko du gaztelaniak, hori hala da; baina horrek euskaraz ez dakitenengan hizkuntza horren aldeko jarrera piztuko du”. Euskarari kalte egingo dio, eta ez dakitenengan ez du aldeko jarrera piztuko, arrazoi sinple batengatik, euskaldunak bai direlako elebidunak eta euskaraz ez dakitenak tartean badaude, gaztelania erabiliko dutelako. Alegia, euskaldunei euskaraz aritzeko beste gune bat kenduko zaiela, eta eskolan bertan gainera (ez da ahaztu behar haur askorentzat eskola dela euskaraz ari daitezkeen leku bakarra). Hori bai, gero esango digute erabilera ez dela ezagutzaren pare hazten ari.

    Hizkuntzan oinarritutako elkarbizitza kezkak dituenak lan egin beharko luke herritar orok bi hizkuntzak ezagutzeko bidea egin dezan. Hezkuntza eredu guztien bidez euskara ikasiko balitz, ez legoke arazorik ikastetxe berean bizi daitezen, baina bitartean euskarari lekua kentzeko beste bide bat da. Haur guztiek euskara ikasiko balute, ez legoke kezkarik hizkuntza aldetik banaketarik gertatzeko, beraz egin dezatela lan haur oro elebidun izan dadin, euskarari trabak jartzeari utzita

    Ez dakit borondate txarraz edo onez egindako ekimena den Ezkerrakoen aldetik, baina ozen esan beharko genieke euskarari mesederik ez diola egiten neurri horrek, juxtu kontrakoa, euskara ahultzen duela, euskararen sustapenaren kontrako neurria dela, erabilera galarazteko beste trikimailu bat. Eta, ondorioz, euskararen normalizazioan atzera egiteko beste urrats bat. Euskararen kontrako beste eraso bat dugu aurrez aurre, neurri zarata handirik sortu ez duena baina kalte handia egingo duena, bereziki euskararen kontrakoak agintean direnean.

    Joanmari Larrarte

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.