• 22
    URT

     

    Egunkariaren aurkako lehen epaiketa bukatzear den honetan epaiaren zai egotea baino euskaltzaleoi gure ezinegona kalean bizitzea, konpartitzea, adieraztea dagokigula uste dugu. Guztiok amesten dugu absoluzioarekin baina amestetik harago badirudi orokorrean euskaltzaleok epaituak absolbitu egingo dituztela sinesten dugula. Gure irudikoz behintzat transmititzen ari garen normalitate egoerak ez du beste arrazoirik. Baina gu behintzat ez gaude normal, ez gaude lasai eta ametsa amesgaizto bihurtzeko arriskuak sortzen digun ezinegona eta amorrua askatzeko premia latza daukagu. Horregatik Euskal Herrian Euskaraz-en, urtarrilaren 26an mobilizazio eguna egitea erabaki dugu. Egun horretan herri zein auzo ezberdinetan antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko deia egiten dizuegu gure moduan sentitzen zareten euskaltzale guztiei. 

     

     

    Zazpi urte igaro dira jada Euskal Herriko euskarazko egunkari bakarra itxi eta Espainiar Estatuak herri honen kontrako erasoaldi berria abiatu zuenetik. Zazpi urte pasa dira orduko gobernuaren menpeko epaitegi berezien aginduz, polizia espainolak Egunkaria indarrez itxi zuenetik. Zazpi urte Egunkariko ordezkariak atxilotu eta basatiki torturatu zituztenetik. Zazpi urte Egunkariko langileak kalean gelditu zirenetik. Itxiera, atxiloketa eta torturekin nahikoa ez gainera eta zazpi urte behar izan dituzte epaiketari ekiteko. Zazpi urtetako sufrikarioa ezarriz hamaika pertsona eta familiri. Zoritxarrez ez da ur horretatik probatzen dugun lehen aldia euskal herritarrok, 18/98+ makrosumarioan eta besteetan ere  zoritxarrez beste hainbat adibide bada.  

    Espainiar Estatuak badaki herri honen asimilatze prozesua bururaino eramateko bi konturekin amaitu beharra daukala, alde batetik euskaraz bizitzeko nahia eta bestetik herri mugimenduarekin. Hor kokatzen da bete-betean Egunkariaren itxiera, hor kokatzen dira lehendik ere ezagunak diren erasoak eta hor kokatzen da herri akusazioak darabilen argudio nagusia. Zeinak esaten duen euskaraz bizitzearen alde administraziotik kanpo egiten den jardun guztia ETAk aginduta egiten dela. Zer gertatuko litzateke beraz epaileak argudio hori bere egin eta Egunkariko auziperatuak zigortuko balitu? Zenbat herritar, eragile, proiektu jarriko lirateke jomugan? 

    Horregatik erabaki dugu epaiaren zai egoteke Espainiar Estatuari argi eta garbi esatea harro gaudela bai herri mugimenduko kide izateaz bai eta euskaraz biziko den herria berreraiki nahi izateaz. Horretarako Gasteiz eta Iruñean dauden Gobernu delegaritzen aurrean elkarretaratzeak deitu ditugu urtarrilaren 26an, Gasteizen 19:00etan eta Iruñean 19:30ean. Entzun dezatela gu behintzat aspertuta gaudela beraien errezetekin, eta gaur eguneko gure jarduna mantentzeaz gain, proiektu eta asmo berriekin herri euskalduna indartzeko asmoa daukagula. Zapalduta bizitzeari uko egin, zutitu eta euskaraz bizitzeko hautua geroz eta sendoagoa izan dadin eragiten ari garela. 

    Hizkuntza txiki batek arnasa hartzeak min ematen die. Zergatik ote? Diktaduratik demokraziara pasatu omen ginen, baina min berdin-berdin ematen badie funtsezko ezer aldatu ote da benetan?  

    Euskarari erasorik ez, Egunkaria libre! 
     

    Igone Lamarain eta Unai Larreategi, EHEko kideak