• 07
    URT

    Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskal ikasleek irailean abian jarritako presio dinamikak geroz eta jende gehiagoren babesa du. Oraingoan Colette Capdevielle parlamentaria atxiki zaie. Eskola euskalduna xede, urte luzez defendatu izan dute Baxoa euskaraz egiteko eskubidea. Aurtengo ikasturtean, ikasle bakoitzak egunero gutun bat bidaltzen dio Bordaleko errektoreari euskaraz ikasteko eskubidea bermatu dezan.

    Baxoa Euskaraz dinamikako ikasleek Alderdi Sozialistako parlamentari baten babesa lortu dute

    Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarri duten ikasleek Colette Capdevielle, Frantziako Alderdi Sozialistako parlamentariaren babesa jaso dute. Aipatu parlamentariak gutun bat bidaliko dio Frantziako hezkuntza ministroari Bernat Etxepare lizeoko ikasleen aldarrikapenak jasoaz eta hark, lau hilabete izango ditu erantzuteko. Ikasleek irailean jarritako presio dinamika are gehiago indartzeko balioko du atxikimendu honek.

    Hutsean geratzeko aukera asko dituen aurrerapauso txiki hauek azkenaldian ematen ari den eraso-katearen baitan ulertu behar ditugu. Erasoen adibide argi bat aipatzearren, hor dugu ikastolen afera.  Hendaiako ikastola berriaren proiektuarekin 1850eko «Falloux legea» berpiztu zuen suprefetak, eta geroztik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastola guztiak kinka larrian jar ditzake Estatuak.


    Aipatu berri ditugun hiru lurraldeetako euskal ikasleek urteak daramatzate Baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde lanean. Beraien ikasketa prozesu osoa euskaraz eginagatik, frantses estatuan Goi Mailako ikasketak egin ahal izateko gainditu beharreko Baxoko azterketak erdaraz egin behar izaten dituzte. Matematika eta Historiako azterketak euskaraz egiteko aukera lortu badute ere, azterketa oro euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen dute, beti ere eskola euskalduna helburu.


    Borroka horren baitan, presio dinamika berri bat jarri dute martxan aurtengo ikasturtean. Agintariek euskaraz ikasteko duten eskubidea errespeta dezaten, Bordaleko errektoreari ikasle bakoitzak egunero gutun bat bidaltzen dio. 

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.