• 07
    OTS

    "Guk eskola euskalduna!" kanpainaren baitan EHEko kideek ekimena egin dute Gasteizko hezkuntza delegaritzan. Espainolizaturik atera badira ere, planto egin eta eskola euskaldunaren beharra aldarrikatu dute. Arratsaldean protestak izanen dira Durangon eta Arrasaten.

    Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak ekimena egin du gaur Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak bertan duen delegaritzan. EHEko hiru kide sartu dira eraikinera, eskolara joango balira bezala. Espainiako Hezkuntza Ministro Wertek nahi bezala atera dira handik, Espainiako banderekin ahoa estalita zutelarik, “espainolizatuta”. Une horretan, ahoko estalkiak kendu eta eskolak ez dituela euskaldundu salatu dute.

    Egoera horren aurrean Wertek proposatzen duen Hezkuntza Erreformaren aurrean planto egiteko deia zabaldu dute.Alta, egun Euskal Herrian indarrean diren hizkuntza ereduek ere ez dutela ikasleek eskolaren bitartez euskara ezagutzeko duten eskubidea bermatzen adierazi eta Jaurlaritzak mantendu nahi dituen erdal ereduak arbuiatu dituzte ekintzaileek. Egoera honi buelta emateko ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko Kontseiluaren proposamena aplikatzea galdegin eta eskola euskaldunaren aldeko aldarria zabaldu dute. Ekimenari bukaera emateko eskola euskaldunaren aldeko itsaskinak jarri dituzte eraikinaren hormetan.

    Ekimen hau ez da isolatua. Izan ere, herri euskaldunaren aurka hezkuntzaren alorrean ematen ari diren erasoak salatzeko “Guk, eskola euskalduna!” lelopean ekimena abiatu zuen EHEk iragan urtarrilaren 23an. EHEko bost kide Nafarroako Hezkuntza Departamenduak Iruñean duen egoitza nagusira sartu ziren eta eskola ematen ari zirenaren itxura egin zuten “Guk, eskola euskalduna” lelodun arbelaren parean.

    Ordutik hona beste hainbat ekimen egiten ari dira EHEko kideak hainbat herri eta auzotan. Informazio eta esku-orri banaketak, erdal ereduak dituzten ikastetxeetan markajeak, elkarretaratzeak… Gaur bertan, 19:00etan, Durangoko EHEk elkarretaratzera deitu du bertako batzokiaren parean EAJk gidatzen duen Jaurlaritzari erdal ereduak alboratu eta eskola euskaldunaren alde egin dezan galdegiteko. Arrasateko EHEk aldiz, eskola euskaldunaren aldeko kalejira aldarrikatzailea egingo du gaur arratsaldean.

    “Guk, eskola euskalduna!” ekimenak segida izango du aurrerantzean. Soilik Donostian gutxienez 10.100 ikaslek erdal ereduetan ikasten dutela (Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren datuak) salatzeko elkarretaratzea egingo du Donostiako EHEk bertako Hezkuntza delegaritzaren parean, otsailaren 16an, goizeko 11:00etan. Ondoren, giza-katea egingo da erdal ereduak eskaintzen dituzten ikastetxeetatik pasatuz, San Patricio ikastetxeraino.


    Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
    Gasteizen, 2013ko otsailaren 7an

    Iruzkinak

    • JELaturik (2013-02-07 20:22:35)
      Horratx Jaurlaritzaren erantzuna, http://berria.info/albisteak/75418/haur_eskoletan_gaztelania_eta_euskara_erabiltzearen_alde_azaldu_dira_eaj_pp_eta_upyd.htm

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.