• 14
    MAI
    Hainbat eskaera egin dizkiete Garesko alkategaiei

    "Udalak eta biok, euskaraz" dinamikaren baitan, hautagaiak hitzetatik ekintzetara pasa daitezen nahi dute.

    Garesko “Udalak eta biok, euskaraz” dinamikako kideek hainbat eskaera egin dizkiete herriko alkategaiei. Oihan Mendo (EH Bildu), Bruno Lopez (UPN), Manuel Pedro Ayechu (Ximenez de Rada), Juan Ignacio Gonzalez (Gares Entrerodos), Fidel Aracama (Agrupación Puentesina) eta Roberto Amadeo Martínez (PSN-PSOE)  zerrendaburuei helarazi diete gutuna.

    Herritarren eta udalaren arteko harremana euskarazkoa izateko helburuarekin, iazko ekainean abiatu zuten dinamika. Orduan egindako hiru eskaera zehatzak mahai gaineratu dizkiete hautagaiei:

    - Etxean,kalean zein udalean herritarrok jasoko ditugun paper, ohar, bando, inprimaki, publizitate euskarri, lanpostu deialdi eta abar guztiak euskaraz izatea.

    - Udalean bertan zein udalekoak diren eraikin eta espazio orotan euskaraz artatua izatea (igerilekuan, musika eskolan,  turismo bulegoan…).

    - Udalarenak diren eraikinen barnean zein kaleetan zehar udalak kokatutako plaka, seinale, edo bestelako euskarriak euskaraz izatea.

    Salatu dutenez, aipatu eskaerak plazaratu zituztenetik ia urte bete pasa bada ere, udalak ez du oraindik erantzun, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeari muzin eginez. Hori salatzeko ekimena egin zuten berriki, gaztelera hutsean zeuden panelak kendu eta udaletxeko atarian utziz.

    Alkatetza lortuz gero egindako eskaerak beteko dituzten, eta betetzekotan zein zentzutan egingo duten maiatzaren 21erako erantzuteko galdegin diete.

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.