• 17
    ABE
    Uemak Jaurlaritzaren babes handiagoa nahi du Urquijoren erasoen aurrean
    Uemako ordezkariak (ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

    Uema-ren ustez “euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen ari direnean, euskararen normalizazioaren eskumen nagusia duen erakundea, Eusko Jaurlaritza, da horren defentsa bururaino eramatea dagokiona".

    Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Maren Belastegik ez zuen nahiko lukeen adinako babes neurririk entzun atzo Eusko Jaurlaritzaren partetik. Batzarra egin zuen Hakoba herri aginteen arteko koordinazio batzordeak, eta bertan hizpide izan zituzten Carlos Urquijok azken bi urteetan udalerri euskaldunen kontra hartu dituen neurriak. Jaurlaritzak agindua zien udalerri euskaldunei txosten juridiko bat, aktak euskaraz egin eta igortzea legezkoa dela aitortuz, eta atzo aurkeztu zien. Baina horrekin bakarrik "erasoei" aurre egiteko aski baliabide ez dutela nabarmendu zuen Belastegik: "Ados, aurkeztu digute txostena, baina orain nork defendatuko du hori?".

    Urquijok abiatutako neurrien kontra estrategia zabalagoa behar dela dio Uemak. Izan ere, 81 errekerimendu igorri dizkie jada Espainiako Gobernuko ordezkariak hizkuntzarekin lotutako erabakiengatik, eta ez dira soilik aktak euskaraz bidaltzeagatik. "Ito-ito eginda gaude", azaldu du Belastegik. Udalerri asko oso txikiak direla oroitarazi du, eta aski baliabide ekonomikorik ez dutela aurrez aurre dituzten auzibideei erantzuteko. Mankomunitateak, egoera horrekin kezkatuta, eskatu izan dio Jaurlaritzari epaitegietan agertzeko Uemaren alde, baina horrelakorik ez duela egingo argi esan zieten atzo gobernuko ordezkariek. Beste aukera bat udalak diruz laguntzea litzatekeela esan dute udalerri euskaldunek, abokatuak ordaintzea, baina horren gaineko erantzunik ez die eman oraindik gobernuak. Aztertzekotan eta erantzuna ematekotan geratu dira.

    Udal lege berri bat izango du aurki Jaurlaritzak, eta testu horretan, hizkuntzari dagokion atalean, adierazi diete espresuki jasoko dela aktak euskaraz bidal daitezkeela. Lege aldetik, horrez gain, euskarazko jarduna bermatzeko urrats gehiago egin beharko liratekeela uste dute, hala ere, Ueman. Beste ekinaldi legegile bat nahi dute abian, euskararen normalizazioa eragozteko neurri klase oro saihestuko duena. "Parlamentuan gehiengoa badute, urrats hori egin nahi badute", oroitarazi du Belastegik. "Izan ere, jada esan dezakegu Espainiako estatuak hasi duen erasoa ez dela euskal erakundeok hartutako unean uneko erabaki batzuen aurkakoa: euskararen ofizialtasunaren aurkakoa da".

    Herri euskaldunaren kontrako erasoa izanik, komunitate gisa espaloian tinko eutsi eta hizkuntza politika burujabeak egiten jarraitzeko garaia da. Argi izan dezatela: ez gara espaloitik jaitsiko!

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.