• 11
    ABE
    Bilbao udal aldizkariaren edukien erdiak euskaraz izateari uko egin diote
    Abenduaren 3an aurkeztu zuten ituna talde guztiek. MONIKA DEL VALLE / ARP

    Astebete baino ez da igaro Bilboko Udaleko talde guztiek euskararen aldeko ituna sinatu zutenetik. Iruzur egitea egotzi die EH Bilduk.

    'Bilbao' udal aldizkariaren edukien %50a euskaraz argitaratzeari uko egin diote EAJk, PSE-EEk eta PPk. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira udaleko talde guztiek euskararen aldeko ituna sinatu zenetik astebetera, hiru alderdiok ezezkoa eman diote EH Bilduren proposamenari. Agidanez, hitz eta adierazpen ponpoxoen gerizpean betiko hizkuntz politika baztertzaileekin jarraituko dute.

    Bilboko Udalak kaleratzen duen hilabetekaria da 'Bilbao', egunkari itxurakoa, eta Pergola izeneko kultur gehigarria ekarri ohi du. Bi-bietan erdara izaten da hizkuntza nagusia. Bilbao-ko 44 orrietatik 35 gaztelania hutsean daude, bi euskaraz eta zazpi ele bitan. EH Bilduko David Lopategik zehaztu duenez, "eskuzabalak izanik, kasu batzuetan hitz edo albiste bakar bat dago euskaraz". Pergola-n, berriz, hogei orrietatik hamabost daude erdaraz, hiru euskaraz -horietako bat, azala- eta bi ele bitan.

    EH Bilduko zinegotziak esan duenez, joan den otsailean aldizkariaren erredakzio kontseiluan azaldu zuten euren kezka euskarak Bilbao-n duen leku urriagatik. Hamar hilabeteren buruan egoerak berdin jarraitzen zuela ikusita, udal batzarrean proposamena aurkeztea erabaki zuten, baina gainerako alderdien kontrako jarrerarekin egin dute topo. EH Bilduk, hortaz, akordioa etetea erabaki du, "gezur hutsa" eta "iruzurra" den itun horretan parte hartu nahi ez duela argudiatuta.

    "Esana bete"

    Bilboko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzalea ere haserre agertu da. "Esana bete, euskara salbatzeko" goiburupean plazaratutako oharrean horixe galdegin dute: esandakoa betetzea.

    Udalaren zurikeria gaitzetsi dute, "asmoa eta esana praktikarekin bat ez datozelako". Adibidez, abenduaren 3an hainbat asmo eder plazaratzen zituzten bitartean lehengo hizkuntz politika bertsuak egiten zituztela salatu dute. Horren isla, 2015eko aurrekontuetan euskara sustatzera zuzendutako diru-sailak ez du aldaketa esanguratsurik izan aurreko urteekin alderatuta.

    Bilboko udal hizkuntza politikaren aplikazioa "errotik" aldatzeko deia egin dute.

     

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.