• 11
    OTS

    Euskaraz bizi eta ikastearen alde egitarau zabala antolatu dute.

    Osasungintza euskalduntzearen alde itxialdia egiten ari dira hainbat ikasle

    Osasungintza euskalduntzearen aldeko itxialdia egiten ari dira gaur Medikuntza eta Odontologiako fakultateetan. Euskaraz ikasteko dituzten ezintasunak salatu eta eskola euskalduna aldarrikatzen ari dira.

    Hamar urte igaro dira EHUko Leioako Campuseko Medikuntzako fakultatean ikasle asanblada sortu zutenetik. Hamarkada batean borroka ugari gauzatu dituzte, baina nagusia bat izan da: ikasketak euskalduntzea, ikasgai asko eta asko gazteleraz egitera behartuak baitaude. Epe motzean euskarazko matrikulazioa bultzatu eta irakasleen kontratazio eredu eta politikak aldatzeko xedearekin, ‘Eutsi’ plana aurkeztu zuten pasa den urrian. Plana gauzatzeko lantaldeetan banatu dira, eta ikasleak parte hartzera deitu dituzte.

    Pasa den astean zehar borroka eta festa uztartuz ospatu dute asanbladaren urteurrena. Egitarauak aurrera darrai, eta asteazkenean itxialdia egingo dute Medikuntzako eta Odontologiako fakultateetan. Tailerrak, hitzaldiak, eztabaidak eta bestelakoak antolatu ditute asteazken zein ostegunerako. Osasun sistema sozialisten inguruan eztabaidatuko dute, farmazeutiken aferaz arituko dira, torturaren gaia landuko dute eta meditazio eta masaje tailerrak egingo dituzte, besteak beste.

    “Gure fakultatea da mundu osoan medikuntza ikasketak euskaraz emateko bidean den bakarra”, diote itxialdiaren arrazoiak azalduz, “Baina EHU eta Osakidetzako agintarien pasibotasunaren erruz gaude oraindik gure ikasketak euskaraz egin ezinik”. Ikasleek proposamenak landu eta aurkeztu badituzte ere, salatu dute unibertsitateko arduradunek ez dietela kasurik egin. Egiera horren aurrean, mobilizatzea beste aukerarik ez dutela azaldu dute. Protesta bide hori elikatzera dator itxialdia.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.