• 01
    OTS

    Hiru, garraiolarien sindikatuak agiri bidez jakinarazitakoaren arabera, Guardia Zibilak 4.601 euroko isuna jarri dio kamioilari bati takografoaren data euskaraz idazteagatik. Euskarazko hitzik ez zen ageri takografoan, baina agertzen ziren zenbakiak euskarazko ordenean zeuden jarrita, eta ez gaztelerazkoan . Polizia militar espainolak zabaldutako diligentziaren arabera, data horiek euskaraz jartzea, "erregistro orriak faltsutzea" da. Gidariak errekurtsoa jarri dio isunari, baina Andaluziako Juntako Herri Lan eta Garraioen sailak errekurtsoa atzera bota eta Guardia Zibilaren ekinbidea babestu du.

    Jakitera egunotan eman duten arren, iragan irailaren 15ekoa da gertakizuna. Hiru sindikatuko kide den kamioilari bat geldiarazi zuen Jaenen (Espainia) Guardia Zibilak, eta takografoaren (gidatzen eta atsedenean jardundako orduak kontrolatzen dituen aparatua) diskoak eskatu zizkioten garraiolariari. Gidariak ongi betetako diskoak erakutsi zizkien agenteei, baina horiei ez zitzaien iruditu ongi idatzita zeudenik, gaztelerazko ordenean (eguna/hilea/urtea) beharrean, euskarazko ordenean (urtea/hilea/eguna) baitzeuden.

    Guardia Zibilaren arabera, datak euskaraz idaztea "erregistro orria faltsutzea" da, eta beraz, 4.601 euroko isuna jarri diote kamioilariari. Honek, gertatutakoa azalduz eta daten egokitasuna aldarrikatuz errekurritu zuen isuna, baina iragan urtarrilaren 15ean Andaluziako Juntako Herri Lan eta Garraio sailetik etorritako erantzunak Guardia Zibilaren ekinbidea babestu eta atzera bota du gidariaren errekurtsoa.