• 18
    API

    Euskararen alde egiteko grinaz, euskaltzale ugari bildu dira Otxandiora. 

    Euskararen alde egiteko deia egin dute Euskaraz Bizi Egunean

    Euskararen alde egotetik euskararen alde egiteko tenorean, euskaltzale andana bildu da Euskaraz Bizi Egunean Otxandion. Mendi irteera, gaiteroak, trikitilariak, txistulariak, herri kirolak, ekitaldia, herri bazkaria, kale animazioa… festa eta aldarrikapena uztartuz, euskaraz bizitzeko herri gogoa erakutsi dute bertaratutakoek.

    Sei txupina aireratuz, goizeko 11:00ak pasatxo ekin diote VI. Euskaraz Bizi Egunari. Izan dira egunari lehenago ekin diotenak, goizeko 09:00etarako Mirugain mendi-taldeko deialdiari erantzunez hainbat lagunek ibilaldia egin baitute Bizkaiko txoko eder honetan barna.

    11:00etatik aurrera ez da aspertzeko betarik izan. Gaiteroak, txistulariak eta trikitilariak goizean zehar Otxandioko kaleetan ibili dira giroa jartzen. Puzgarriak eta tailerrak izan dira txikientzat eta bertan pasa dute goiza gurasoen begiradapean. Aldi berean, gero eta jende gehiago joan da biltzen herriko plazaren bueltan jarritako artisauen azokan. 12:30ak iristerako hasi dira Soinubilekoak kantu-poteoan. Ondoren, koadrilen arteko “herri-kirol-jolasek” Euskaraz Bizi Egunera bertaratu direnen artean giro bikaina sortu dute. Horiek bukatzean, EHEko kideek ekitalditxoari ekin diote.

    Izan, egin eta eragiteko deia

    Udaletxeko balkoitik hitz egin dute eragile euskaltzaleko kideek. Hitza hartzen lehena Otxandioko EHEko eta Otxandioko Euskaldunon Amarauneko kide Mikel Ortiz de Zarate izan da. Otxandioko udalak hartutako neurriek Carlos Urquijoren helegiteak ekarri dituztela salatu ondotik, herrian euskaraz bizitzeko dituzten oztopoak gainditzeko egiten ari diren lana azaldu du. Zera gogorarazi die bertaratutakoei: "gutako bakoitzak hizkuntza asko izan ditzake; euskarak, gu baino ez"

    Jarraian EHEko Nestor Estebanek hartu du hitza. Lehenik eta behin, EHEk 35 urte hauetan Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan egindako lana goraipatu du. Hala ere, aurretik “lan mardula” dugula gogorarazi du. Salatu duenez, “euskaldunok, oraindik ere, bigarren edo enegarren mailako herritarrak baikara geure herrian bertan, edo hala nahi gaituzte behintzat”. Horren erakusgarri, “ezin dugu euskaraz ikasi, ezin euskara bera ikasi eskolan, ezin euskaraz jardun medikuarekin, poliziarekin…”.

    Egonean egoera onartu baino honi aurre egiteko deia egin du: “ez gara jaio menpeko izateko. Bagara nor, badugu zer bultzatu, indartu eta egin”. Horretarako, “herritarron gogoa, nahia, ahalmena da aldaketak eragiteko ezinbestezko gakoa”.

    "Ukaezina zaiguna lortu eta onartezina dena geldiarazteko ordua" dela iritzita, bidea eginez egiten dela gogorarazi du. Adierazi duenez, "autodeterminazio ariketa indibidual zein kolektiboa egin" eta "egin egin behar dugu, indarrak eta grinak batu, gogoak martxan jarri, euskaldunak ahaldundu eta herri euskalduna mugiarazi".

     

    500 lagunetik gorako herri bazkaria egin ostean, arratsaldean egunaz gozatzen jarraitzeko aukera izaten ari dira. Gibelurdinek taldeak hasi du musika eta dantzaren tartea euren folk doinuekin. Urduri dantza taldekoek dantza erakustaldia egingo dute eta segidan hasiko da Batukotx batukadaren emanaldia. Luhartzek erromeriaren eskainiko du, eta, hauek bukatzean, gaueko 22:00etan hasiko da Governors eta Gozategiren kontzertua.

    Egunari bukaera emateko, DJ Elepuntok goizeko ordu txikiak arte jarriko du musika Gaztetxean.

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.