• 28
    EKA

    Herri euskalduna sarean ere propioki izango da presente 'PuntuEus' domeinuari esker.

    PuntuEus: euskaldunok euskaraz gara sarean

    Herri txikia izanda ere gauza handiak egiteko gai garena frogatu du sarri euskaldunok. Herri mugimenduko eragileak aitzindari, hiztun komunitate ekintzailea gara zinez. XXI. mendean euskaraz biziko den herriaren eraikuntzan ere halaxe dihardugu, aktibo, bizi, kultura paternalistatik urrun, twitter, wikipedia, software eta bogan dauden beste hainbat espazio gurera ekarriz eta euskaldunduz. Gaurkoan ezinbesteko urratsa eman dugu komunitate gisa saretu eta sareratze bidean.

    Gaur eguerdian Bilboko Kafe Antzokian 'PuntuEus' Fundazioko kideek eta aitzindari taldearen ordezkaritzak azaldu dutenez, domeinuaren ibilbidean “beste urrats handi bat” eman da. Apirila bukaeran aditzera eman zuten gisara, gaur hasi eta Euskararen Nazioarteko Egunera arte, 'PuntuEus' domeinuaren "92 aitzindarienak" izango dira aktibatuko diren domeinu-izen bakarrak. Orduan hile beteko epea eman zuten proposamenak bidaltzeko eta beste hile bateko epea eskaini zuten 'PuntuEus' domeinu-izen horiek erregistratu, aktibatu eta ikusgarri izateko urrats guztiak emateko.

    92 entitate aitzindarien zerrenda eman dute argitara. Zerrenda “oso anitza” dela nabarmendu du urrats ikaragarri hau errealitate bihurtzen gakoa izan den Iratxe Esnaolak, izaera, dimentsio eta jatorri ezberdinetako entitateak biltzen dituena. Besteak beste enpresak, erakunde publikoak, hedabideak eta herri mugimenduko eragile ezberdinak barnebiltzen ditu. Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduko eragile euskaltzalea ere tartean da; gaurtik aurrera euskaltzale ororen txokoa www.euskalherrianeuskaraz.eus izango da beraz.

    PuntuEus Fundazioarentzat eta proiektuarentzat “berebiziko garrantzia” du Aitzindarien Programak; hala 'PuntuEus' domeinuaren sustapenenerako, nola bultzada ekonomikoa erdiesteko.  Adierazi duten eran, bete-betean lortu dira bi helburuok: “domeinuaren zabalpenerako kanalak eta euskarriak modu esponentzialean hazi zaizkigu, eta, era berean, 'PuntuEus' proiektuak orain datorkion bidearen hasiera duintasunez egiteko adina bultzada ekonomiko jaso du”. Horrez gain, Aitzindarien Fase honek 'PuntuEus' Domeinuaren “izaera inklusiboa” bera ere indartzea lortu du, argi utziz “komunitate oso baten domeinua dela”. Euskaratik eta euskaraz eraikiko den komunitate batena alegia.

    Aurrekoa bururaino eramanda, orain “abiarazte-aldia” delako faseari ekingo diote. Aldi honetan mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu-izenak eskatu ahal izango dituzte, publiko orokorrera ireki aurretik. Abiarazte-aldia zehazki irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an bukatuko da eta denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Orduan hasiko da .EUS Domeinuaren Fase Irekia edo Orokorra.

    Domeinuaren ibilbidean urrats handia eman bada, euskal komunitatearen ikuspegitik ere parekoa eman da. Izan ere, ´PuntuEus' Fundazioko kide Iratxe Esnaolak berria.eus-en zioen legez, “Interneten gure hizkuntza eta kultura ikusgarri bilakatzeko bidea” izateaz gain, “ikusgarritasun horrek eta erabilpenerako irizpideek hizkuntza eta kulturaren presentziaren areagotzea” ekarriko du. Irizpide horien arabera derrigorrezkoa da euskarazko eduki minimo esanguratsuak izatea eta gero konpromiso bat adosten da, epe jakin batean euskarazko edukien kopurua areagotzeko. Fundazioak hitzartutakoa bete den edo ez begiratuko du. Bete ez bada, jakinarazi egingo zaio eta aldaketarik ez badago, domeinu-izena desaktibatu egingo da.

    Iruzkinak

    • Pozik (2014-07-01 13:42:26)
      Aspaldi espero genuen berria azkenean! Euskaldunontzako albiste paregabea, eta erabat estrategikoa. Bagara nor munduan .eus gabe, baina .eus-ekin hobeto erakusten dugu. EHE ezin zen falta aitzindarien artean, zorionak zueri ere

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.