• 02
    AZA

    PSE-EE Eusko Jaurlaritzara iristearekin batera, euskaldun askok eta askok gure hizkuntza eskubideen urraketaren aro berri bat zabaltzen zela aurreikusi genuen. Jaurlaritzako hainbat sailburu berrik, eserlekua hartu eta lehen egunetik iragarri zituzten euskararen kontrako neurriak, eta Isabel Celaa izan da esandakoak praktikara eramaten lehena. Ondorioa: Euskara hezkuntzako hizkuntza nagusia izango zela aitortzen zuen dekretua eta Euskal Herriaren nortasuna bertan behera gelditzea.

     

    Esan eta egin. Isabel Celaà, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Eusko Jaurlaritza garatzen ari Euskal Curriculumari buruzko aldaketak eman ditu ezagutzera. Kargua hartu eta batera egin zituen iragarpenen sokatik joan dira aldaketak. “Orain arteko doktrinatze nazionalista oro ekiditeko” aitzakiarekin, oraindik aurrerako adoktrinatzea jarri du abian Celaák, eta euskara eta gaztelania maila berdinean egongo direla adierazi du. Nola uler daiteke euskara bigarren edo hirugarren mailakoa den lekuan, euskararen kontrako neurri bat indarrean jarri eta nagusi den erdararen mailara eramatea? Ez da bada, posible. Hori da euskara “despolitizatzea” eta “euskara askatasunean”.

     

    Areago, egun ikasleen euskalduntzea bermatzen ez duten ikastetxeek, euskararen ezagutza eskolatik jasotzeko eskubidea eta euskaraz ikasteko eskubidea urratzen jarraituko dute, administrazioaren aginduz.

     

    Celaáren esanetan, euskara hizkuntza nagusi izateak “gaztelera hizkuntza nagusi duten herritarren %80” baztertzen du, eta horrek hizkuntzen errealitatea ukatzen omen du. “Behargabeko ofentsa” dela ere esan du, eta berriz ere, betidanik euskaldunoi gure egunerokoan egiten zaizkigun ofentsak bigarren mailara eraman ditu; horiek bai, onargarriak eta beharrezkoak baitira, batez ere erdararen nagusitasuna mantentzeko.

     

    Bestalde, Euskal Herria terminoa, testuliburuetan hizkuntza eta kulturari erreferentzia egiteko soilik erabiliko dela adierazi du sailburuak. Hala, Estatuek Euskal Herriaren kontra mendeetan aurrera daramaten asimilazio prozesuan indar egiten dute, Euskal Herriari beren izana, euskara, kenduta. Euskararik gabe Euskal Herririk ez dela ondo baino hobeto dakitenaren seinale.

    Sosik ez Nafarroako ikastolentzat

     Celaáren kide Blanca Urgell Kultura sailburuak jakitera eman duenez, 2010ean ez dituzte diruz lagunduko Nafarroako ikastolak, hori Nafarroako Gobernuaren eskumena dela iritzita. Aurten 1,8 milioi euro bideratu izan badituzte, datorren urtean hutsaren hurrengoa emango zaie.

     

    Espainiako Gobernuak Nafarroako ikastolei bi milioi euro emateko aukera ere badagoela jakin dugu Espainiako aurrekontuak eztabaidatu diren egunotan. Nafarroako Gobernua aukeraren kontra azaldu da, nola ez.

     

    Eranskinak:

    Berria.info