Euskaraz ikasi eta sendatzea dute helburu.
“Euskaraz tinko sendatu eta ikastea” helburu duen ‘Eutsi’ plana aurkeztu zuen atzo Medikuntza Asanbladak Leioako Campuseko (EHU) medikuntza fakultatean. MIR azterketa erdaraz egitearen obligazioari, euskarazko matrikulazio maila baxuari eta irakasle euskaldunen urritasunari egin nahi diote aurre.
Hiru arazo hoiek “berrelikatzen den zirkulu bat osatzen dute” medikuntza asanbladaren hitzetan, eta osasungintza euskalduntzeko eta ikasketak euskaraz egingo dituzten medikuak sortzeko, zirkulu horrekin amaitzea beharrezkoa dela uste dute. Horretarako, ikasleen presioa, instituzioetara iristea eta irakasleekin harremanak mantentzea ezinbestekoa dela adierazi dute.
Gaiaren lanketa bat egin ostean, euskarazko matrikulazioa bultzatzeak eta irakasleen kontratazio eredu eta politika aldatzeak epe nahiko laburrean emaitzak emango dituela ondorioztatu du asanbladak. Horren harira sortu dute “Eutsi” plana.
Plana aurrera eramateko, lau lantalderen bidez funtzionatzen du asanbladak. Alde batetik, kanpo babesa eta oihartzuna bilatzen duen lantaldea dago. “Eutsi” sarean zabaltzea eta komunikabideekin harremanak mantentzea du helburu. Salaketaz eta diagnostikoaz aritzen dira beste lantalde batean. Gainerakoek, ikasleen eta irakasleen egoera aztertzen dute, eta horiekin harremanetan egoten dira. Bestalde, euskarazko matrikulak bultzatzera begira hainbat ekintza antolatzen ari dira.
Lanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute eta lantaldeetan parte hartzera deitu dituzte ikasleak.
Iruzkinak
Egin zure iruzkina
|
Euskaraz bizi sarean