• 04
    OTS

     

    Bilboko EHEk hezkuntzarako eredu bakarra eta euskalduna aldarrikatu du Santutxun eta Uribarrin egindako ekimenen bitartez. Hala,Santutxu eta Uribarri auzoetako ikastetxeen inguruan informazioa banatu dute, gurasoei euskalduntzen duen ereduaren aldeko hautua egin dezaten galdeginez

     

    Aurrematrikulazio garaia aprobetxatuz eta azaroan hasitako dinamikari jarraipena emanez, Bilboko EHEk hezkuntza eredu bakarraren eta euskaldunaren beharra aldarrikatu du.

    Eragileak ohartarazi duenez, hiru umetik bik eskola euskararik jakin gabe bukatzen dute. Bereziki larria da A eta B ereduen kasua, eta horietan, euskararen ezagutza maila oso txikia da. Hala ere, Bilbon eredu hauek mantentzen dituzten hainbat eta hainbat ikastetxe eta eskola daude oraindik. Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko argi utzi du ez duela inolako asmorik euskara irakaskuntzan lehentasunezko hizkuntza izateko eta are gehiago, eredu erdaldunak mantentzeko apustua adierazi du hasiera hasieratik, ikasleen euskara ikasteko eskubideari muzin eginez.

    Auzo ezberdinetan egindako ekimenen bidez, gurasoei haien haurrak eskolan matrikulatzerako orduan A eta B ereduak baztertzeko eskatu die EHEk, izan ere hauen bidez haien seme-alabak Bilboko berezko hizkuntza ez ezagutzera kondenatuko dituzte, haien etorkizun eta bizitzari muga garrantzitsuak jarriz, eta Euskal Herri euskalduna berreraikitzea oztopatuz.

    Santutxuko eskola ezberdinetan informazio orriak eta panelak jarri dira eta gurasoei ere zuzeneko informazioa eman zaie eskolen atarian, A eta B ereduen arriskuak azalduz eta haurren euskalduntzea gehien bermatzen duen ereduan matrikulatzera gonbidatuz, hau da, D eredua, benetan haur guztiak euskaldunduko dituen eredu bakarraren aldarrikapena alde batera utzi gabe.

    Matrikulazio kanpaina dela eta, Uribarrin ere eredu euskaldunaren alde egin du Euskal Herrian Euskaraz-ek. Oraindik ere, Uribarriko hainbat ikastetxek, hala nola, Las esclavas, Maria inmaculada edo eta  San Pedro Apostolek, ez dute umeen euskalduntzea bermatzen beste behin ere hizkuntza eskubideen kontra erasotuz. Horregatik, euskalduntzearen aldeko apostua egiteko deia egin die auzoko EHEk bertako gurasoei.

    Eranskinak:

    Argazki Galeria

     

     

     

     

     

    Iruzkinak

    Egin zure iruzkina

    • Galdera: garrantzitsua! Erantzuna zenbakiz eman, mesedez
      Galdera hau spam-aren (eskatu gabeko mezuen) aurkakoa da. Robotak edo pertsonak bereizteko balio du. Eskerrik asko.