• 06
    OTS
    “Háblame en cristiano” hura, Mozal Legearekin ezarritako isunean bilakatu da
    Ostiralerako mobilizazioa deitu dute EHE eta Ernaik

    Isuna jaso duen Eneka Alvarezen herritarraren hitzak:

    Pasa den urteko maiatzean, Donostiako Gipuzkoa plazan Bizitza da Handiena ekimenaren protesta bat egiten ari ginela ertzain baten aldetik euskararekiko gutxiespen eta mespretxuzko hitzak entzun nituen. Orduan zera adierazi nion: gauza bera errespetuz eta gutxietsi gabe ere esan zezakeela. Horren aurrean identifikazioa eskatu zidan eta nik arrazoia galdetu nion. Ez zidan erantzun eta berriz ere identifikatzeko eskatu zidan. Nik identifikatzeko inolako arazorik ez nuela adierazi nion, baina mesedez, euskaraz eskatzeko. Horren aurrean, beste agente bat etorri zen eta bertan edota komisaldegian egin beharko nuela jakinarazi zidan. Nire hizkuntz eskubideak urratuak izaten ari zirela ikusita, ahotsa altxa eta ia inork euskeraz ba ote zekien galdetu behar izan nuen ozen. Horren ostean, euskaraz galdegin zidan ertzain batek eta berehala eman nion dokumentazioa inolako arazorik gabe.

    Gertatutakoa ikusita, Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo nuen. Haiek bideratu zidaten kexa eta hilabete batzuen buruan, haien erantzuna jaso genuen. Donostiako ertzain etxeko burutzak onartu zuen ez zela errespetatu agente jarduleekin harremanak euskaraz izateko eskubideak eta jardueran parte hartu zuten ertzainei jardunbide egokia zein den jakinarazi zitzaiela. Horrez gain, honela dio agiriak: “berariaz eskatu digute beraien partez barkamena eskatzeko”.

    Horren ostean, isuna iritsi da. Mozal legea aplikatu didate. Horrez gain, ajolagabekeria osoz, berriz ere nire eskubideak urratuak izan dira, izan ere, isuna gaztelania hutsez idatzita bidali baitidate. Haien lana ez niela egiten utzi diote, ez niela arduradunak identifikatzen utzi. Bideoan argi ikusten den bezala, gertaera gertatu zenerako arduradun gisa identifikatuta zegoen iada pertsona bat. Beraz, salaketan egotzi didatena ez dela zuzena esan dezaket. Hau ikusita, lehenik eta behin, isuna ez ordaintzea erabaki dut, nire eskubideak urratuak izateaz gain, orain zigor bikoitza jaso dudala iruditzen zaidalako. Horrekin batera, errekurtsoa jarriko dugu eta zer gertatzen den gertutik jarraituko dugu.


    Euskal Herrian Euskarazen irakurketa:

    Aipatu gertaera hauek oso larriak dira. Ustez herritarren eskubideak babesteko eskumena duten ertzainek beraiek dira herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen dituztenak. Larriak direla diogu baina zoritxarrez ezin esan salbuespena direnik. Euskaldunok, euskaraz bizi nahi dugun herritarrok, egunero pairatzen ditugu horrelako gertaerak. Bai eremu pribatuan bai publikoan. Administrazio publikoarekin harremana euskaraz izan nahi eta askotan ezin. Ez hori bakarrik, kasu honetan ikusi ahal izan dugun bideoan, funtzionario publiko horrek adierazten duen jarrera agintzaile berdinarekin egiten dugu topo euskaldunok tarteka. Jarrera agintzaile betikoa, baina formetan aldatuta ere: garai bateko “Háblame en cristiano” hura, orain Mozal Legearekin ezarritako isunean bilakatu da. Jarrera euskarofoboa, beste modura ezin kalifikatu.

    Horren aurrean Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari egindako kaltea onartu, barkamen zintzoak eskatu, eta, isuna kentzea exijitzen diegu. Onartezina da horrelakorik gertatzea egun. Ez hori bakarrik, horrelakoak berriz ere ez gertatzeko neurriak har ditzaten exijitzen diegu. Horretarako behingoz administrazioko langile guztiak euskaldundu behar dira, ez soilik herritarrekin harreman publikoa dutenak, baita gainontzeko langile publiko guztiak ere. Administrazio publikoa osoki euskalduntzen ez den bitartean, etengabeak izango dira hizkuntza-eskubideen urraketak. Euskaraldiaren hamaika egunetan soinean txapa bat jartzea eta propaganda kanpainak egitea ez da nahiko, ezta gutxiago ere, gainontzeko urte osoan zehar herritarren eskubideak urratzen badira.

    Era berean, herritarrei dei egiten diegu beraien hizkuntza-eskubideei tinko eutsi diezaioten. Euskaltzale honi bideoan ikusi ahal izan dugu jarrera euskaltzale burujabea egunerokoan izan dezatela. Soilik horrela lortuko dugu euskararen normalizazio osoa, eta beraz, euskaraz bizitzera iritsi ahal izatea. Eta urraketarik jasanez gero salatu dezatela dei egiten diegu. Bai Euskal Herrian Euskarazera joz, bai Hizkuntza Eskubideen Behatokian.

    Azkenik, aukera hau baliatu nahi dugu ere Lander Arbelaitz eta ARGIAri gure elkartasuna adierazteko. Egun horretan bideo hori grabatu izan ez balitz, ziur gaude gertaera horrek ez lukeela izango lortu duen oihartzun guztia. Esan bezala, horrelakoak egunero gertatzen baitira baina oharkabean igarotzen dira grabatuak ez direlako. Horregatik eta kazetari lana libreki egin ahal izatea exijitzen dugulako, beraien aurkako salaketa kentzea exijitzen dugu ere.

    Gertatutakoa salatu eta aipatu eskaerak aldarrikatzeko, datorren ostiralean, otsailak 8, arratsaldeko 19:00etan elkarretaratzea egingo dugu Ertzaintzak Antigua auzoan duen ertzain-etxearen aurrean. Dei egiten diegu eragileei bat egitera mobilizazio honekin.