• 07
    MAR
    Arrasateko eragileek Euskaraz bizi egunerako deia egin dute

    Martxoaren 18an izango da Euskaraz Bizi eguna Arrasaten eta ordurako egitaraua prest du Euskal Herrian Euskarazek taldeak. "Herriko gune ezberdinetan eta adin tarte ezberdinetako herritarrendako saiatu gara ekintzak antolatzen. Herriko hamalau eragilek bat egin dute festa honekin eta euren laguntza izango dugu egun hori girotzeko eta festa herri guztian egiteko", adierazi du Aitor Juaristik.

    Parte hartuko duten eragileak dira: Dirty Brothers, Hans Blues Band, Jasan eta Txua musika taldeak; Portaloira eta Txorbela abesbatzak; Lore Gazteak eta Arrostaitz dantza taldeak; Txalaparta eta alboka taldeak; txistulariak; Txatxilipurdi; AGAKO; buruhandi eta erraldoien konpartsak; Eskuartean artisau taldeak eta trikitilariak.

    Herri bazkaria ere egingo da egun horretan. Azoka plazan izango da eta txartelak gaur bertan jarri dituzte salgai Jai Zale tabernan 15 eurotan.

    Etorkizuna

    Antolatutako ekitaldiez gain, 12:30ean ekitaldi nazional bat ere egingo da Arrasaten. "Euskal Herrian Euskaraz taldeak hausnarketa prozesua egin du azken urte honetan eta denbora horretan egindako lanaren emaitza, txostena, aurkeztuko dute Arrasaten. EHEren hurrengo erronken berri eman da", aurreratu du Juaristik.

    *Testua Goiena.eus-etik hartuta.